PSE-EE alderdiaren Tolosako, Amasa-Villabonako, Ibarrako eta Zizurkilgo taldeetako ordezkariak ere batu dira eskakizunera. Gutunean gogorarazten diote hiru hilabete baino gehiago direla bilera bat eskatu zutela eta, gutun honekin, dagoeneko hiru bidali dituztela, “hitzordu baten eskaerari oraindik erantzunik eman gabe”. Osakidetzak Tolosaldean hartuko dituen neurriak zeintzuk diren jakin beharra ezinbestekoa dela eta, beste gutun bat bidaltzera “behartuta” daudela diote.
Gainera, eskualdeko osasun-laguntza Gipuzkoako gainerako lurraldeetako “kalitate, zerbitzu eta baliabide berekoa” izango dela bermatzeko, “beharrezko neurriak har ditzala” exijitzen diote Sagarduiri. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako ESIekin “homologagarria” izatea nahi dute, Tolosaldeko herritar guztiek “kalitatezko osasun-laguntza publikoa eta unibertsala” bermatuta izan dezaten.
Era berean, honako hau irakur daiteke gutunean: “Lehen eskutik ezagutu nahi dugu zertan datzan Tolosan ezartzeko asmoa dagoen bereizmen handiko zentroak edo laguntza zentroak, eta noiz egingo den Tolosaldeko ESIan hedatuko diren laguntza-zerbitzuak xehetasunez zehaztuko dituen plan funtzionala”. Oraingoz, honako zerbitzuak eskaintzen ditu Tolosaldeko ESIak: Lehen Mailako Arretako bost unitate, espezialitateen anbulatorio bat, Etengabeko Arreta Gune bat, Asuncion Klinika (itunpekoa) eta Donostiako Unibertsitate Ospitalea, erreferentziako ospitale tertziario modura.
Azkenik, Osasun Sailaren, Asuncion Klinika ospitalearen eta Belateko eta Andoaingo osasun zentroen artean, eskualdeko biztanleei osasun arreta espezializatua emateko sinatutako ituna bukatzear dela eta, Eusko Jaurlaritzak pentsatuta duen planteamenduari buruz galdetzen diote, Asuncion Klinikak eskualdeko ospitale gisa funtzionatzen duela jakinik. Era berean, Asuncion klinikak ematen duen zerbitzuaren gainean, Jaurlaritzak zer nolako kontrol lana egingo duen jakin nahi dute, ematen duten zerbitzuari buruz herritarrek dituzten kexak murrizteko.