'Caminho Longe' iritsi da eskualdeko aretoetara

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 4a, 07:58

Dokumentala ikusgai izango da igande honetan Anoetako Mikelasagastin, eta otsailaren 18an, berriz, Villabonako Gurean

azko irailean Donostiako Zinemaldian estreinatu eta Miarritzeko Fipadoc jaialditik pasa ondoren, urtarrilean iritsi da Hego Euskal Herriko hiriburuetara Caminho Longe dokumentala. Orain herriz herri ari dira filma eskaintzen eta otsailaren 7an Anoetan eta otsailaren 18an Villabonan ikusi ahal izango da. Igande honetan, Hibai Castro ekoizle eta filmeko argazki zuzendaria arituko da Anoetan, emanaldiaren ondorengo solasaldian.

Sao Tomen 33 urte deportatuta eman dituen Alfonso Etxegarairen Euskal Herrirako itzulera kontatzen du Caminho Longe filmak. Adabaki ekoizpen etxeko lagunek duela 10 urte egin zuten lehen harremana Etxegarai eta haren bikotekide Kristiane Etxaluzekin. Lehen hartu-eman horren emaitza Sagarraren denbora dokumentala izan zen Castrok gogoratu duenez: «Harreman estua eraiki genuen. Lehenik Kristianekin Zuberoan eta gero Afrikara bidaiatu genuen Alfonsorekin egoteko. Hilabeteko egonaldia egin genuen eta oso elkarbizitza emankorra izan zen. Hamar urte pasa eta gero harremana beste filma honetan itsasoratu da».

ITZULERA BATEN KONTAKIZUNA

Etxegaraik Sao Tome uhartetik atera ezinda eman ditu azkeneko 33 urteak, bere etxetik 7.000 kilometrora. Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu eta momentu hori jaso dute dokumentalean. «Azken momentura arte oso modu diskretuan eraman zuen eta oso jende gutxik zekien Alfonsok itzultzeko erabakia hartua zuela. Nik jakin nuenean argi eduki nuen une hori jaso egin behar genuela eta pelikula batean kontatu», esan du Castrok. Txaber Larreategi eta Josu Martinezekin batera bidaiatu zuen Afrikara, filmaketa egitera. «Urgentziazko zinema» deitu dio ekoizleak egindakoari: «Alderantzizko bidea egin genuen. Une hori jasotzea erabaki genuen eta ondoren pentsatu genuen pelikularen finantziazioan. Horretarako hainbat bide saiatu genituen baina ez ziren emankorrak izan. Azkenean, mezenasgo kanpaina baten bitartez, herritarrek egindako ekarpenekin bildu genuen dokumentala egiteko beharrezkoa zen dirua».

Caminho Longe da emaitza. 70 minutu irauten dituen dokumentalak Euskal Herriaren historiaren zati bat jasotzen du. «Alfonso eta Kristianena istorio partikularra da, beste bat gehiago azkeneko hamarkadetako gure herriaren historian, baina guk argi genuen merezi zuela azaleratzeak. Testuinguru politikoak bikote honen bizitzan zenbateko garrantzia izan duen erakusten dugu. Gure historia hurbilari errepasoa emateko balio izan digu, baina alde humanoa ahaztu gabe. Modu batera edo bestera, jendeak filmean islatuta ikusten du bere burua».

Etxegarai eta Etxaluzen «eskuzabaltasuna» nabarmendu du Castrok: «Momentu intimo eta pertsonalak konpartitu dituzte, jakitun izanik transmisio lan bat zela egiten ari zirena». Egindako ekarpena ikusgai izango da igandean Anoetako Mikelasagasti auditorioan, eta otsailaren 18an, Villabonako Gurea aretoan, villabona.dok zikloaren barruan.

EMANALDIAK

Otsailak 7, igandea

18:00. Anoetako Mikelasagasti auditorioan izango da emanaldia. Gonbidapenak liburutegian banatu dira, baina soberan geratu diren sarrerak igandean auditorioan eskuratu ahal izango dira, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago.

Otsailak 18, osteguna

19:00. Villabonako Gurea zinema aretoan izango da ikusgai. Sarrerak 3 euro balioko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!