Herri kiroletako Gipuzkoako hiru txapelketa Asteasun jokatuko dira

Ataria 2021eko otsailaren 4a

Uxer Mozo eta Mattin Jauregi, ezkerrean, Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan.

Larunbat honetan izango da, eta Uxer Mozo eta Mattin Jauregi ikaztegietarrek lokotx biltze txapelketan parte hartuko dute.

Harri-jasotzen, ingude altxaketan eta lokotx biltzen Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira, larunbat honetan, Asteasun. Hasiera batean Orion egitekoak ziren, baina eremu gorrian sartu zenez, Aian egin behar zuten. Baina hau ere eremu gorrian sartu denez, Asteasun egitea erabaki dute. 17:00ak aldera hasiko da, baina publikorik gabe egingo da.

Harri-jasotze Txapelketari dagokionez, harri handiena egingo dute. Bertan parte hartuko dute puntako lau harri-jasotzailek: Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Galarraga, Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi. Lau harri altxatu beharko dituzte: 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindro kopa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Bi minutuko txanda izango dute harri bakoitzarekin.

Ingude altxatze txapelketa egingo da gizonezkoetan. Gorka Etxeberria, Unai Goitia eta Iñigo Peña izango dira parte hartzaileak. 18 kiloko ingudea altxatu beharko dute, minutu eta erdiko txandan.

Lokotx biltzen eskualdeko bi partaide izango dira: Uxer Mozo eta Mattin Jauregi ikaztegietarrak, orain gutxi Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zutenak. Beraiekin batera lehiatuko dira Jon Larrañaga eta Xabier Melendo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!