Lauburu, lehen postuari begira, eta Laskorain, zulotik irteten

Imanol Garcia Landa 2021ko ots. 3a, 15:59
Laskorain eta Lauburu Ibarrak denboraldi honetan jokatutako lehen derbiaren une bat, Tolosako Usabal kiroldegian.

Bost partida falta zaizkie lehen fasea bukatzeko areto futboleko 2. B mailako eskualdeko bi taldeei; egoera guztiz ezberdinean daude.

Areto futboleko 2. B mailan ligaren lehen fasearen bigarren itzulian daude. Lauburu Ibarra eta Laskorain zortzi taldeko multzo berean daude, eta egoera guztiz ezberdinean daude. Lauburu hirugarrena da sailkapenean, 19 punturekin, Juventud del Circulo taldearekin berdinduta, baina partida bat gutxiagorekin. Laskorainek 5 puntu ditu eta azken postuan dago.

Lauburuk asteburuan bere bigarren garaipena lortu du etxetik kanpo, 2-7 irabaziz Auzoak de Zierbena taldearen aurka. «Zierbenak urte asko daramatza maila honetan eta normalean goiko postuetan geratzen den taldea da. Beraz, bagenekien bere kantxan partida zaila izango zela», azaldu du Andoni Zumeta kapitainak. «Aurreko asteburuan lortu genuen lehen garaipena etxetik kanpo, eta konfiantza horrekin prestatu genuen Zierbenaren aurkako partida». Partidan, lehen minututik gauzak ondo egin zituztela gaineratu du Zumetak: «2-7ko emaitza lortu genuen, baina azken hamar minutuak baino lehen 1-6ko aldeko emaitza genuen. Beraz, gauzak ondo egin genituen eta oso garaipen garrantzitsua da guretzako».

Laskorainek denboraldiko lehen garaipena lortu du asteburu honetan, Castro Urdiales taldeari 5-1 irabaziz. «Aurretik bi berdinketa lortu genituen, eta jokoa ez zen txarra, baina une jakin batzuetan partidatik ateratzen ginen, akatsen bat egiten genuen, partida kontra jartzen zitzaigun eta ez genuen irabaztea lortzen, nahiz eta aste guztian zehar ondo entrenatu», esan du Beñat Balerdi kapitainak. «Azken bi aste hauetan gehiago exijitu diogu gure buruari, lana gogor egiten ari gara, eta iritsi da hainbeste espero genuen garaipena. Gustura hartu dugu». Partida hasieratik gogoz atera ziren Laskorain taldekoak eta ez zuten intentsitatea galdu. Lehen bi golak sartu ondoren, aurkariak partidaren bila joateko gehiago saiatu behar izan zutela gaineratu du Balerdik: «Hutsune gehiago ireki ziren eta 3-1 jarri ginen. Hor pixka bat atzera sartu ginen, baina gero ondo eraman genuen partida eta lasaitasunez irabazi genuen».

ATZERATUTAKO PARTIDAK

Ez du denboraldi hasiera samurra izan Lauburuk. Batetik, bere jokalari nafarrek ezin izan zuten entrenamenduetan izan, orduko COVID-19aren inguruko neurriengatik, eta horregatik partidak atzeratzen joan ziren. Bestetik, positiboren batengatik ezin izan zuten ere partida bat jokatu. Pixkana joan dira atzeratuta zeuden partidak jokatzen, batez ere etxetik kanpo zirenak, eta arazoak izan zituzten horiek aurrera ateratzeko. Atzeratuta duten partida bat dute oraindik jokatzeke, eta hori larunbat honetan jokatuko dute, hain justu, Auzoak de Zierbenaren aurka. Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatuko da, 18:30ean hasita.

Ligak atseden hartuko du asteburuan. Laskorainek ere atzeratuta du partida bat, Kukuyaga Etxebarri taldearen aurka, baina ez dute asteburu honetan jokatuko. Ez dakite oraindik noiz jokatuko duten partida hori, baina garrantzitsua izango da, azken hirugarrena baita talde hori.

Multzoko lehen lau taldeek igoera fasea jokatuko dute, beste multzoko lehen lau taldeekin. Eta azken lau taldeek maila mantentzeko fasea jokatuko dute beste multzoko azken bost taldeekin batera (beste multzoan bederatzi talde dira). Zumetak azaldu duenez, denboraldi hasieratik Laubururen asmoa multzoko lehen lau postuetan geratzea da. Bost partida falta zaizkie lehen fasea amaitzeko, eta gaur egun sailkapenean bosgarren dagoen taldea hamar puntura dute. Aukera asko dituzte, beraz, lehen fase honetan bere helburua lortzeko. «Ez daukagu, noski, ziurtatuta lehen lau postu horietan sartzea, kategoria honetan talde guztiek maila handia dutelako, baina egia da ondo bideratuta goazela. Larunbateko partida irabazten badugu, gauzak ondo jarriko zaizkigu».

Laskoraini ere bost partida falta zaizkio lehen faserako, eta laugarren doan taldea hamar puntura dute. «Ez dugu alde batera utziko lehen lau postuetan sartzeko aukera, baina oso zaila dugu», esan du Balerdik. «Hemendik aurrera partidaz partida joango gara, bakoitza final bat dela irudikatuz». Denboraldi hasieratik beren helburua garbi dute, hau da, maila mantentzea. «Uste baino beherago gaude. Beste talde batzuk baino lehenago hasi ginen entrenatzen eta gero beheraldi bat izan genuen. Azkenaldian hobeto ari dira gauzak ateratzen, golak sartzen ari gara eta ea hemendik aurrera nola doazen gauzak».

Asteburuko emaitzari dagokionez, Balerdik gaineratu du «taldean horrelako garaipen bat» behar zutela «indar pixka bat hartzeko. Azkenean, lehen garaipena iritsi dela ikusteak indarra ematen digu». Dirudienez, ez dago guztiz garbi oraindik lehen fasean lortutako puntu guztiek gero bigarren faserako balioko duten. «Badirudi kontuan hartuko direla lortutako puntu guztiak, beraz, ahal dugun gehien pilatu behar ditugu», esan du Laskorainek.

EZOHIKO DENBORALDIA

Aurreko hiru urteetan entrenatzaile bera izan ondoren, Lauburuk aurtengo denboraldian entrenatzaile berria du, Jose Julio Jota Arregui. «Entrenatzaile aldaketaz gain, zenbait jokalari ere joan dira, eta beste berri batzuk etorri dira. Beste joko estilo batera moldatu behar izan du taldeak, eta entrenatzaileak erasoan zein defentsan nahi dituen gauzak ikusten ari dira, eta entrenamenduetako lanak asteburuan ikusten dira», zehaztu du Zumetak.

Laskorainen entrenatzen hirugarren denboraldia du Narciso Pavok. Joko aldetik ez dute aldaketa handirik, eta jokalari multzoa ere dezente mantendu dute. «Ez dugu jokoa asko aldatu. Beti saiatzen gara gaizki egindakoak hobetzen, baina antzeko jokoa egiten ari gara, eta falta zaiguna da emaitzak iristea», zehaztu du Balerdik.

Oraindik publikoak ezin du partidak ikustera joan. Lauburu Ibarrak bere Youtubeko kanaletik ematen ditu etxeko partidak. «Harmailetan publikoa izatearekin alderatuta ez da berdina, baina badakigu gertuko jendea ordenagailuaren atzean izaten dela, eta beste modu batera, indarra ematen digu», esan du Zumetak. Bere aldetik, ezohiko denboraldi hau eramatea ez dela erraza dio Balerdik: «Urtea nahiko arraroa da. Ez da erraza, batetik, COVID-19arengatik, eta, bestetik, bakoitzak kirolaz aparte bere zereginak dituelako eta adi egon behar dugulako kutsatzeei dagokionez». Horrez gain, egun batetik bestera jaso izan dute abisua partida bertan behera geratu dela. «Taldeen artean hitz egiten dugu ondo antolatzeko, baina egoera ez da erraza», esan du Laskoraingo kapitainak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!