'Online' tailerrak doan jarri dituzte erretzeari uzten laguntzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 3a, 11:00

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak gaurtik martxan jarriko ditu tailerrak; zortzi asteko iraupena duten saioak Tolosako egoitzan aurrez aurre ere jaso daitezke.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak martxan jarri ditu erretzeari uzten laguntzeko tailerrak. Tolosako egoitzan taldeka edo bakarka egiteko eskaintzen duen aukerari, online egiteko aukera gehitu diote egoera dela eta. Elkarteko psikologoen laguntza izango dute erretzeari utzi nahi dioten herritarrek.

«Ez dago metodo zehatz bat erretzeari uzteko, bakoitzak bere bidea aurkitu behar du», dio Maider Sierra elkarteko psikologoak. Helburua «taldean estrategiak aztertu, helburuak edo ideiak planteatu, eta horren arabera norberak aurki dezala bere bidea», azaldu du. Taldean eta elkarrekin egiten duten bidea da. Zortzi asteko iraupena du tailerrak, eta erretzeari uzteko baliatzen dute, baina, «bereziki berriz ez erortzeko izaten da, hau da, erretzen ez hasteko prebentzioa lantzen dugu».

Tailerrak doan dira, eta goizez edo arratsaldez egiteko aukera eskaintzen du Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Asteazkenetan izango dira saioak martxoaren 31a bitartean. Goizez, Maider Sierrak berak emango ditu, 11:30etik 13:00etara, eta arratsaldeko saioak Laura Mongelosen ardurapean egongo dira, 17:00etatik 18:30era. «Eskaera handia izan dugu eta beste talde bat ere ireki behar izan dugu», gaineratu du Sierrak. Bera izango da gidaria eta astelehenetan izango dira saioak 15:00etatik 16:00etara.

Izen eman nahi duenak 943 45 77 22 telefono zenbakira deitu beharko du, edo mezua idatzi gipuzkoa@aecc.es helbide elektronikora.


HAMARRETIK SEIK UZTEN DU

Izena ematearekin bakarrik ez zaio uzten erretzeari, baina emaitza onak ematen ditu tailerrak. Elkartearen datuen arabera, «%60ko arrakasta tasa» du, hau da, hamar erretzaileetatik seik erretzeari uzten dio behin betiko. «Gogoa duenak, interesa duenak eta konstantea denak, egia da, azkenean helburua lortzen duela», argitu du psikologoak.

Tabako kontsumoa pixkana murrizten dute, eta abstinentzia sindromea kontrolatzeko tresnei eta etorkizunean berriz ez erortzeko autokontrol teknikei esker lortzen dute.

480

MINBIZIA KASU 2020an

AECC elkartearen ustez tabakoa da ekidin daitekeen lehenengo heriotza arrazoia; 15 minbizia mota baino gehiago daude lotuta tabakoarekin. Iaz, 480 biriketako minbizia kasu berri atzeman zituzten Gipuzkoan, eta horietatik 195 kasu, 75 urtetik gorakoetan diagnostikatu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!