Mankomunitateak Aralarren azienda murrizteko duen helburua salatu nahi dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 1a, 16:56

Azken egunetan abeltzainek Enirio-Aralar Mankomunitatearen izenean jaso duten gutunak "ezinegona" sortu du, eta Aralarko Baserritarren Elkarteak eta ENHE eta Enba sindikatuek bilera deitu dute biharko; Enirio-Aralar Mankomunitateko udal ordezkariak eta foru aldundia gonbidatu dituzte bertara.

Aralarko Baserritarren Elkartea, eta EHNE eta Enba nekazari sindikatuek beraien «desadostasuna eta haserrea» azaldu dituzte, azken egunetan abeltzainek Enirio-Aralar Mankomunitatearen izenean jaso duten gutunaren harira: «Arrazoi ezberdinak tarteko, beren helburua azienda murriztea dute».

Enirio-Aralar Mankomunitateak beren ordenantzak berritzeko beharra mahaigainean jarri eta elkarlanerako deia egin zuela adierazi dute hiru eragileek, baina «abeltzainen ordezkariekin hitz egin gabe, aziendak murrizteko eskatuz bidali ditu eskutitzak», salatu dute. 

Gutunak sortutako "ezinegona" dela eta, hiru eragileek batzarra deitu dute biharko, eta bertara joateko gonbita egin diete Enirio-Aralar Mankomunitateko udal ordezkariei eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei ere. Zaldibian dagoen Goizane zentroan elkartuko dira, 15:00etan.

Azienda murrizteko beharra justifikatuko lukeen «balizko gainkarga ziurtatzen duen txosten teknikorik» ez dagoela esan dute, eta «ezta eskutitzak nori bidali justifikatuko duen txosten teknikorik ere». Abeltzainen ordezkarien ustez, eskutitzak bidaltzeko erabakia «bidegabekeria eta arbitrariotasunaren eredu ezin hobeak» dira.


EH Bilduk «emandako hitza jan du»
Aralarko Baserritarren Elkartea eta EHNE eta Enba nekazari sindikatuek «mankomunitatean udaletxeen gehiengoa sostengatzen duen EH Bildu alderdi politikoaren jokabidea salatu nahi dugu», esan dute. 2019an mahai gainean jarri zuen helburuarekin jarraitzen duela EH Bilduk adierazi dute, hau da, mankomunitateko mendian dauden abelburu kopurua murriztearekin.

Gainera, EH Bilduk «abeltzainoi emandako hitza jan egin du» salatu dute, eta «zakarrontzira bota beharreko planak berreskuratu ditu», azpimarratu dute. Beste behin, «abelburuak murrizteko helburua jarri du bere lehentasunen artean, eta horren harira ulertzen dira egunotan jasotako eskutitzak». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!