Eskualdeko ospitale publikoa Tolosan kokatzeko aukeren lehen azterketaren emaitzen berri eman du Tolosako Udalak. Guztira, hamahiru kokaleku aztertu dira irizpide ezberdinak kontuan izanda, besteak beste, ingurugiroa, irisgarritasuna, bideragarritasuna, mugikortasuna, lur zatien ezaugarriak, eraikigarritasuna eta aparkalekua. Eremuen sailkapen bat egin du azterketa egiteaz arduratu den enpresak, egokitasun eta bideragarritasun handiena dutenak lehen multzoan kokatuta:
1. MULTZOA |
|
2. MULTZOA |
|
3. MULTZOA |
|
Lehen azterketa honen ondorioak kontuan izanda, ospitale berria eraikitzeko bideragarritasun handiko lau gune daude lehen multzoan (lehentasunezkoa): San Blasen (hilerri azpian), Usabal industrialdean (SAM enpresaren inguruan), Santa Luzia auzoan (behealdean) eta Iurreamendin (kamioien aparkaleku inguruan). Horiek horrela, kokaguneari dagokionez, 2. eta 3. multzoko aukerak baztergarriak dira.
Azterketaren lehen fasea amaituta, behin betiko kokapena erabakitzeko bigarren fasea jarriko da martxan, lehen multzoan dauden lau eremu horien inguruko azterketa sakonagoa eta zehatzagoa eginez. Bigarren fase honetako azterketak hainbat ikuspegi bilduko ditu: ingurugiroa, mugikortasuna (autoak, oinezkoak, garraio publikoa...), lurralde irizpideak, hirigintza eta genero ikuspegiari lotutako irizpideak, irisgarritasuna eta aparkalekua.
Datozen urratsak
Orain, lehen fase honen ondorioen berri emango dio Tolosako Udalak Osasun Sailari, Eusko Jaurlaritzaren Plan Funtzionala egiten ari den azterketa lanekin lerrokatzeko, ospitaleak behar duen lurzoruaren okupazioaren planteamendua zehazte aldera.
Bestalde, udaletik adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, eskualdeko alderdi politikoekin, eragile sozialekin eta herritarrekin partekatuko dira behin betiko kokagunea erabakitzeko burutzen den bigarren fase honen ondorioak.
San Esteban auzoko diagnosian aldaketarik ez
Ospitale publikoa kokatzeko eremuen lehen azterketa honek San Esteban auzoari buruz udala egiten ari den diagnosia baldintzatu zezakeen, baina aukera modura baztertua izan denez, bere horretan jarraitzen du azterketak.
San Esteban eremua berroneratzeko diagnosi eta ingurumen ebaluazioak egiten ari da udala, San Esteban eremurako planteamendu berria HAPOan txetatzeko.
Izan ere, auzoaren garapen plana martxan jartzeko, lehenik eta behin, aldaketa egin behar da HAPOan, indarrean dagoen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean 2009ko planteamendua jasoa dagoelako, eta honek ez dielako egungo errealitate eta beharrei erantzuten.
"Garapen proposamen berria Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean jaso ondoren, auzoan gauzatu beharreko proiektuen plangintza egingo da, helburu hartuta, besteak beste, eremu horretan etxebizitza babestuak eta alokairua bultzatzea. Eta hori guztia, agindu zen moduan, San Esteban auzoko kideen partaidetza bermatuta egingo da", diote udaletik.