Altuna III.ak Amezketan jokatuko du bosgarren jardunaldiko partida

Ataria 2021eko urtarrilaren 28a

Astelehen gauean jokatuko du partida, Mariezkurrena II.arekin batera, Urrutikoetxea-Imaz bikotearen aurka.

Binakako Pilota Txapelketaren bosgarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan, eta Amezketako Larrunarri frontoian jokatuko da partidetako bat. Jokin Altuna herritarrak jokatuko du bertan, eta Mariezkurrena II.arekin laugarren garaipena lortzen saiatuko dira. Aurrean, bi garaipen dituzten Urrutikoetxea-Imaz izango dituzte. Gaur egitekoa zuten material aukeraketa, baina hezetasunarengatik ez dute burutu. Partidaren aurretik egingo dute.

Iñaki Artola alegiarra oraindik ez da osatu bere lesiotik eta Bengoetxea VI.ak bere ordez jokatzen jarraituko du asteburu honetan behintzat. Aranguren atzelariarekin batera, bihar ostirala, Ezkurdia-Ladis Galarza izango dituzte aurkari Mallabian.

Jon Ander Peña tolosarrak, aurreko asteburuan jokatu gabe geratu ondoren kon finatuta zegoelako, larunbaten jokatuko du Albisurekin batera Iruñeko Labrit frontoian. Aurrean, txapelketako bikote sendoena izango dute, Elezkano II-Zabaleta.

Erik Jaka lizartzarrak eta Martijak partida gogorra izango dute igandean, Olaizola II-Rezusta bikoaren aurka jokatuko baitute Bizkaia frontoian. Jaialdi horretan ere jokatuko du Iker Elizegik promozio mailako txapelketako partida, Arteaga II.arekin batera, Zabaña-Erostarbe bikotearen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!