Eskualdeko lau pilotu hard enduroko aurreneko postuetan

Imanol Garcia Landa 2021ko urt. 27a, 19:58
Josu Artola, hard enduroko Espainiako Kopan. MAIALEN IRURETAGOIENA

Espainiako Kopa jokatu da asteburuan, eta bertan parte hartu dute Josu Artolak, Alberto Aranburuk, Andoni Elustondok eta Jon Ander Rodriguezek.

Hard enduroko Espainiako Koparen lehen proba jokatu dute asteburuan La Bastida de Tost herrian (Lleida, Katalunia), eta eskualdeko lau moto gidarik parte hartu dute bertan. Maila nagusian, seniorretan, Josu Artola amezketarrak hirugarren eta Alberto Aranburu tolosarrak seigarren egin dute. Trofeo mailan, Andoni Elustondo tolosarra lehenengoa izan da seniorretan eta Jon Ander Rodriguez alegiarrak laugarren egin du master 35 kategorian.

Maila nagusikoek hiru orduko proba egin behar izan zuten, zirkuitu bati bueltak emanez. Larunbatean entrenamendu libreak egin zituzten, eta lortutako denboraren arabera atera ziren igandean egindako lasterketan. Artolak orain urtebete inguru parte hartu zuen azken proban eta ez zekien nolako maila emateko aukera izango zuen. Horrez gain, besoan arazoak izan ditu, eta asteburukoak bere burua nola zegoen ikusteko balio izan dio. «Ikusi dut azkenean txapelketaren borrokan egon ahal dudala eta gustura nago», esan du.

Amezketarra bigarren postutik 25 segundora geratu zen. «Bi edo hiru zati zeuden gakoak izan zirenak. 170 pilotu ginen eta pilaketak sortzen ziren. Erritmoa garrantzitsua zen baina nondik pasatu behar zen jakin behar zen», esan du Artolak. Probaren erdian gasolina botatzeko geratu zen eta itzuli horretan galdu zuen irabazteko aukera: «Hor tokatu zitzaizkidan pilaketak zati batean, nik huts bat egin nuen eta buelta horretan minutu eta erdi galdu nuen. Gero gerturatu nintzen baina ez nuen lortu bigarren egitea». Artola gustura dago berriro ere lehiatzen hasi direlako: «Aurreko urtean lasterketarik ez dugu ia korritu eta entrenatzeko motibazioa ezberdina da, ez duzu motibazio hori».

Alberto Aranburu, hard enduroko Espainiako Kopan.

LASTERKETA GOGORRA

Bere aldetik, Aranburu erori egin zen entrenamendu libreetan, eta irteeran bigarren ilaran atera zen, lehen hamabost gidarietatik minutu batera. «Banekien lasterka oso gogorra izango zela, eta lasai atera nintzen», esan du Aranburuk. «Lehen trialeran jende asko zegoen, tapoi moduko bat sortuz, baina ondo pasatu nuen hori. Hala ere, lehenengo lauak ordurako alde eginda zeuden eta beraiek harrapatzea dezente kostatu zitzaidan». Bigarren itzulirako seigarren jarri zen eta laugarren itzulian laugarren postuan zegoen. «Bederatzigarren itzulira arte podiuma hor gertu nuen, Josu hirugarren zihoala. Baina azkeneko itzulirako oso nekatuta nengoen, aurrenekoak harrapatzeko egindako esfortzuagatik, akats bat egin nuen eta azkenean seigarren bukatu nuen».

Aranburu «oso gustura» geratu da egindako lasterketarekin: «Ia urte erdi egon naiz lasterketarik egin gabe, eta oso gogorra egin zait entrenamendua eta lana uztartzea, eta motoan oso gutxi ibili naiz». Aurreko lasterketa irailean egin zuen, Turkian egin zen Munduko Txapelketako proba batean, seigarren amaituz.

Trofeo kategorian bi orduko proba zuten, zirkuitu bati itzuliak emanez ere. «Lehen aldia da Espainiako Kopa antolatzen dela, eta ez genekien nolako maila izango zen. Oso gustura nago lortutako emaitzarekin», esan du Elustondok. «Katalunian izan da, eta bertako jende asko zegoen, oso azkarra dena eta hango lurretara ohituagoa dagoena. Guri ondo datorkigu teknikoagoa izatea, horrelako eremuak ere bazeuden, eta hortaz aprobetxatu ginen».

Larunbateko entrenamendu libreetan hirugarren egin zuen Elustondok, eta lasterketan lehen taldean atera ahal izan zuen. «Hasieratik hor egoteko aukera izan nuen eta azkenean lehen postua lortu nuen seniorretan. Banekien lehenengo nindoala eta helburua akatsik ez egitea zen», zehaztu du Elustondok.

Rodriguez berez motokroseko pilotua da, eta orain gutxi eskuratu du enduroan aritzeko motoa. «Proba hau egin eta gero gustua hartu diot eta asmoa dut aurrera begira horrelako probetan parte hartzeko», esan du Rodriguezek. «Hori bai, gehiago entrenatu beharko dut. Motokrosean abiadurak du garrantzi gehiago, enduroan, berriz, lasterketa luzeak dira, eta motoari lagundu egin behar izaten zaio aldapak igotzen. Motoak ere ezberdinak dira».

Probatzeko asmoz joan zen lasterketara Rodriguez, baina larunbateko entrenamendu libreetan ondo ikusi zuen bere burua, eta igandean bere mailan podiumeko postuetan sartzen saiatu zen, baina azkenean laugarren bukatu zuen. «Ez nintzen dena emanda joan lehiatzera, besteak beste, ez nengoelako prestatuta», esan du alegiarrak. Ikusita lagunak podiumera igo zirela, inbidia pixka bat ere izan zuela dio: «Nere buruarekin pixka bat pikatu nintzen. Gehiago entrenatzen badut baliteke master mailan podiumeko postuetan sartu ahal izatea».

Andoni Elustondo, irudiaren erdian, sari banaketan.

KOPAN JARRAITZEKO ASMOZ

Aurrera begira, Espainiako Koparen beste probetan parte hartzeko asmoa dute lau pilotuek. Bestalde, Aranburuk datorren hilean Portugalen lehiatu nahi du muturreko enduruko proba batean, eta Munduko Txapelketako ahal duen proba gehienetan parte hartu nahi du, tartean Errumanian egiten den Romaniacs proba entzutetsuan. Azken hau da Artolarentzat helburu nagusiena aurten, eta horrez gain, Portugalen ere Munduko Txapelketako proba bat egin nahi du.

Bere aldetik Elustondok asmoa du Euskal Herriko lasterketetan parte hartzeko eta Portugalen beste lasterketa batzuk egiteko. Rodriguezek enduroan jarraitzeaz gain, motokroseko Nafarroako Txapelketa egiteko asmoa du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!