Santa eske birtuala proposatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 28a, 11:57

Harituz Bertsozale Elkarguneak santa eskeko koplak abestuz bideo bat grabatzeko deia egin die herritarrei; eskualdeko herri guztiekin bideoa osatzea da helburua.

 

Makilak astinduz, kantuan etxez etxe ez ditugu herritarrak ikusiko aurten, Santa Ageda bezperan, baina, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak, beste era batera bada ere, santa eskea egitera animatu ditu herritarrak. Koplak abestuz bideoa grabatzeko deia egin die herritarrei, ondoren, jasotako guztiekin bideo bat osatzeko.

Unai Mendizabal Mendi Harituz-eko kideak azaldu duenez, Tolosaldeko herri bakoitzetik gutxienez bideo bat jasotzea da euren nahia: «Santa eskeko doinuan koplatxo bat kantatuz grabatu, eta guri bidali beharko dute, eta guk grabazio horiekin bideoa osatuko dugu, beraz, ea lortzen dugu eskualdeko herri guztiak ordezkatuak izatea».

Otsailaren 1a jarri dute grabazioak bidaltzeko epea, Santa Ageda bezperarako bideoa prest eduki ahal izateko. Parte hartzaileek harituz.bzt@gmail.com helbidera bidali besterik ez dute egin beharko.

Mendi-k esan duenez, une honetan santa eskean etxez etxe aritzerik ez badago ere, ez zuten erabat bertan behera utzi nahi: «Debeku horri beste modu batera begiratu diogu, eta santa eske birtuala egitea ideia ona iruditu zaigu, beraz, herritarrak parte hartzera animatzen ditugu».

Bestalde, Harituzeko kideak adierazi du, aurten ezingo dutela Santa Ageda ohi bezala ospatu, baina, datorren urtean kalean izango dira. «Santa eskerako ohitura apaltzen joan da, eta herri batzuetan galdu ere egin da; guk, azken urteetan egin dugun moduan koplak abesten jarraituko dugu, eta ea berriro ere ohitura hau errekuperatzen dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!