Mozorrotu eta etxetik ospatuko dituzte inauteriak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 28a, 07:57

Datozen asteburuetan ziren ospatzekoak inauteriak Lizartzan eta Berastegin; beste modu batera bizituko dituzte aurtengoak.

Aurten inauteriak ez dira ospatuko, ez Tolosan, eta ezta Lizartzan eta Berastegin ere. Azken bi herri horietan, gainera, Tolosakoak iritsi aurretik ospatu ohi dituzte. Lizartzan, asteburu honetan ziren hastekoak txekorra hiltzeko egunarekin, eta hurrengo asteburuan jarraipena eman nahi zioten inauteriari. Berastegin, berriz, otsailaren 5ean eta 6an antolatu nahi zituzten. Bietan, bertan behera utzi behar izan dituzte.

Ohiko moduan ez ospatuagatik, aurkitu dute modua festa egiteko. Lizartzan, esaterako, Otsolar dantza taldeak mozorroak jantzi eta argazki edota bideoak bidaltzeko deia egin diete herritarrei. Bideoen kasuan, gehienez 40 segundokoa izateko eskatu dute. Urtarrilaren 30a baino lehen otsolardantzataldea@gmail.com helbidera bidali beharko da eta parte hartzaile guztien artean sari bat zozketatuko dute. Jasotako argazki eta bideo guztiekin beste bideo bat egingo dutela azaldu du Malentxo Arrospide lizartzarrak, "elkar ikusteko behintzat".

Sinbolikoki bazen ere, hasiera batean, dantzak egiteko eta kultura ekitaldi batzuk egiteko asmoa bazutela esan du Arrospidek, baina, azken neurriak medio, "gustukoa ez den erabaki bat" hartu behar izan dute: "Penaz baina bertan behera utzi behar izan dugu guztia". 

Balkoiak apaintzeko deia ere luzatu dute Lizartzan, eta hor ere sariren bat banatuko dutela aurreratu du Arrospidek. "Gustura egon gaitezke iazko inauteriak ospatzeko aukera izan genuelako, eta iazkoa gogoratuz pasa beharko ditugu aurtengoak", esan du. Urtero moduan, inauterien inguruan argitaratzen duten liburuxka ere "martxan" dutela zehaztu du eta  "laster" banatuko dutela. 

Berastegin ere bereziak

Berastegiren kasuan, bi egun hartu ohi dituzte inauteriak ospatzeko, ostirala eta larunbata. Garazi Otxandorena kultur eta gazteria teknikariak azaldu duenez, ostiraletan haurrak izan ohi dira protagonista: "Eskolatik kalejiran atera ohi dira mozorrotuta herrian zehar, eta arratsaldean dantza emanaldia eskaini ohi dute plazan". Aurten ere haurrek protagonismoa har dezaten, Tor magoaren magia ikuskizuna antolatu dute otsailaren 5erako. Ikuskizuna 16:30ean izango da, frontoian.

Larunbateko festa, berriz, bertan behera geratu da, baina Otxandorenak sorpresa bat aurreratu du:  "Aurten ez da aurrez aurreko txupinazorik izango, baina iaz mozorro lehiaketa irabazi zutenei aukera emango zaie txupinazoa online botatzeko". Momentuz prestatzen ari dira nola egin, baina esan du asteburu horretan berastegiar guztien mugikorretara bideoren bat iritsi daitekeela. 

Gainerakoan, mozorro lehiaketa prestatu dute, etxetik egiteko moduan. Parte hartzaileek argazki edo bideoak bidali beharko dituzte whatsapp baten bidez, otsailaren 5etik 7ra, biak barne, 688 681 952 zenbakira. Jasotako materialarekin bideo bat osatuko du udalak eta bideo horretan bertan emango dute aurtengo mozorro irabazlearen berri. Otxandorenak azaldu duenez, irabazleak ohiturari eutsiz, sari gisa arbia jasoko du eta 2022ko inauterietan txupinazoa botatzeko aukera izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!