Lan istripuak, urtero errepikatzen den «drama»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urt. 27a, 07:57

Urtea hasi eta lan istripuz hildako bigarren heriotzaren aurrean, administrazioak neurririk ez duela hartzen eta hildakoen zerrenda areagotuz doala salatu du LABek. Gaur elkarretaratzea egingo dute Ezkion, 12:00etan, Lizartzako enpresan lan egiten zuen langilearen heriotza salatzeko.

LAB sindikatuak 2021. urtean ere lan istripuen gaia mahai gainean jarri nahi du. Urtea hasi eta dagoeneko bi hildako izan direla salatu du: «Esan gabe doa 2020ak utzi duena ez dugula hamarkadetan ahaztuko, baina ezin dugu onartu egoera honek bizitzaren gainontzeko atal guztiak estali eta bigarren edo hirugarren plano batean jartzea».

Urtez urte errepikatzen den «drama» dela dio lan istripuena; «badirudi, gizarte bezala, besterik gabe barneratuta dugula». Pasa den ostiralean izan zen urteko bigarren lan istripu hilgarria. 54 urteko gizonezkoa Lizartzako Basalan Arrospide enpresako langilea zen, eta basolanetan ari zela hil zen.

2020 urtera begiratuz gero, Hego Euskal Herrian lan istripuz 71 langile hil zirela ekarri du gogora LAB sindikatuak, eta batek desagertuta jarraitzen duela. Aldiz, 2019an, lan istripuz hildakoak 46 izan ziren.

Prebentzio legea argitaratu eta 25 urte geroago, «sistema sozioekonomikoaren krisi estruktural honek, herritarroi prekarietatea besterik ez digu eskaintzen, zifra beldurgarriak sortaraziz».

Patronalaren aliatu nagusia prekarietatea dela salatu dute; «epe motzeko irabaziei begira, segurtasun neurriak ez betetzeko eta langileoi geure eskubideen betearaztea oztopatzeko», esan du sindikatu abertzaleak. «Egoera sozioekonomiko latz honetan, langile askok bigarren plano batean uzten du bere osasuna kaleratua izateko beldurragatik», gaineratu du.

Heriotza eragiten duten lan istripuak «izebergaren punta» soilik direla nabarmendu du LABek: «Istripu bat ematen denerako, hamaika intzidente edo potentzialki istripu larriak izan zitezkeenak ematen dira».

1995. urtean ikusi zuen argia Hego Euskal Herriko lau probintzietan, estatu mailakoa den Laneko arriskuen prebentziorako legeak. Harrezkero, legeak aldaketa batzuk jasan ditu «eraginkorragoa» izan zedin. Baina denborak eta datuek erakutsi digute ez dela inondik inora helburua lortu», dio, LABek.

Hasieratik laneko segurtasunaren «merkantilizazioa» eman zela azaldu du sindikatuak, «prebentzioa enpresa pribatuen eskuetan utziz». 2005ean areagotu egin zela argitu du, «mutualitateetatik eratorritako prebentzio zerbitzuen segregazioa behartuz, konpetentzia libreen mesedetan». Prebentzio zerbitzuak enpresa pribatu diren heinean, «helburua mozkinetan eta etekin ekonomikoetan dago, lan segurtasuna beste plano batean utziz», azpimarratzen dute.

NEURRIRIK EZ

«Urtero errepikatzen den egoera honen aurrean», administrazioak ez duela neurririk hartzen dio sindikatuak. Aldiz, «sarri ikusten ditugu poliziak piketeak egurtzen edo herri mugimenduaren aurka jarduten, eta epaitegiak ere horretarako erabiltzen». Kontrara, administrazioak «prekarietateaz baliaturiko enpresek sortutako hildako zerrenda luzean» eragiteko ez duela ez poliziarik, ez inspekziorik, ez epailerik, ez inongo baliabiderik jartzen gaitzetsi du sindikatuak, eta bitartean «hildakoen zerrenda urtetik urtera areagotuz doa».

Ez dela kasualitatea istripu gehienak azpikontratetan eta baldintza okerrenetan dauden langile kolektiboetan ematea adierazi du LABek. Eta, hori, sistema honen eta agintarien erabaki politiko bat dela diote, «ahulenei inork egin nahi ez dituen lanak eginaraziz».

ERANTZUTEKO BEHARRA

Gizartearengana, hau da, langileengana zuzendu da sindikatua: «Alferrik da, gizarte bezala ez badugu barneratzen osasun bermeak eskaintzen dituen lanpostuak direla onargarriak diren bakarrak».

LABek argi du langileria antolaturik dagoen eremuetan prekarietateari «modu eraginkorrean» ekiten zaiola, eta istripuetan ere emaitza kuantitatiboa duela. «Gainera, eremu horietan azpikontratentzako lanean diharduten kideekiko elkartasunak eta elkarlanak ere segurtasun neurriak betearaztean isla du, eta hortik neurgarria da istripuen beherakada».

Langileek, lan segurtasuna, klase gai bezala hartu behar dutela dio: «Ezin diegu patronalari eta prebentzio zerbitzu pribatuei utzi geure segurtasunaren bermatzaileak izaten. Gai honetan ere geure buruaren jabe izateak eramango gaitu etorkizun hobeago batera». Bien bitartean, «egungo legea betearaztea exijitzea dagokigu».

Fokua administrazioan jarri du sindikatuak: «prestakuntza teknikodun ikuskatzaile andana behar da araua betearazteko. Zer esanik ez dago, ikuskatzaileek nahikoa eskumen izan behar dute euren lana burutu ahal izateko, eta ez, adibidez, egungo Osalanen aholkularitza profil sinbolikoa».

 

ELKARRETARATZEA GAUR, LAN ISTRIPU HILGARRIA SALATZEKO

ELA, LAB, ESK, EHNE, Steilas eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitua dute gaurko, 12:00etan, joan den ostiralean Ezkion gertatutako lan istripua salatzeko. Ezkioko plazan izango da. Ostiralean Lizartzako Basalan Arrospide enpresako 54 urteko langilea hil zen, Ezkion basolanak egiten ari zela larri zauritu ostean. Lanean ari zela zuhaitz baten adarra gainera erori zitzaion.

LABek basogintza sektoreko lan istripuen tasa altua nabarmendu du: «Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak, orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute eta horrek sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten dio».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!