Bikote sendoa osatzen dute Altunak eta Mariezkurrenak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 26a, 11:59

Olaizola II-Rezusta bikoari 10-22 irabazi diete binakakoaren laugarren jardunaldian.

Binakako Pilota Txapelketaren laugarren jardunaldia jokatu dute asteburuan, eta Jokin Altunak eta Mariezkurrenak bikote sendoa osatzen dutela erakutsi dute. Sasoi onean dagoen eta Baiko enpresako erreferentziazko bikotea den Olaizola II-Rezustari 10-22 irabazi zioten, maila handia erakutsiz. Altuna III-Mariezkurrena II sailkapeneko bigarren postuan daude, hiru garaipen lortuta. Garaipen kopuru bera dute Olaizola II-Rezustak.

Bere aldetik, Erik Jakak eta Martija ordezkatzen zuen Bikuñak ezin izan zuten garaipena lortu Urrutikoetxea eta Imaz bikotearen aurka. 17-22 galdu zuten, eta oraingoz garaipen bakarra dute.

Asteburu honetan ezin izan du Jon Ander Peñak jokatu, konfinatuta baitago. Bere ordez Zubizarreta III.ak jokatu zuen, eta Albisurekin batera ezin izan zuten garaipena eskuratu, 22-14 galdu baitzuten Ezkurdia eta Ladis Galartzaren aurka. Iñaki Artolaren ordez jokatzen ari da Bengoetxea VI.a, eta Arangurenekin batera atzo iluntzean zuten partida Elezkano II-Zabaleta bikoaren aurka. 14-22 galdu zuten eta, beraz, Artola eta Aranguren punturik lortu gabe jarraitzen dute.

Promozio mailan, Iker Elizegik garaipenik lortu gabe jarraitzen du, Arteagarekin batera Elordi-Garmendiaren aurka 22-6 galdu ondoren.

BIZKAIA TORNEOA

Miren Larrarte bidaniarrak Gentzane Aldayrekin batera Bizkaia Torneoko bigarren partida galdu zuen ostiralean, 16-22, A. Alday eta Orbegozo bikotearen aurka. Azken hauek jokatuko dute hirugarren postua erabakiko den partida.

ALBERDIK EZ DU AURRERA EGIN

Aurrera Tolosa klubeko Julen Alberdi zizurkildarrak ostiralean jokatu zuen Elite Mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako partida. Lemoa klubeko A. Etxebarria zuen aurkari eta 18-22 galdu zuen. Hori horrela, Alberdi txapelketatik kanpo geratu da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!