Koronabirusa

Tolosak eta Amasa-Villabonak jarraitzen dute eremu gorrian

Ataria 2021eko urtarrilaren 25a

Leaburu-Txarama eta Ibarra eremu gorritik atera dira. Amasa-Villabonan eta Tolosan ostalaritzak itxita jarraituko du.

Tolosaldeko bi herri ageri dira Osasun sailak zabaldu duen eremu gorrien udalerrien zerrendan, Amasa-Villabona eta Tolosa. 642 eta 623ko intzidentzia tasa dute bi herri horietan.

Leaburu-Txarama eta Ibarra eremu gorritik atera dira, beraz, bihartik aurrera tabernak eta jatetxeak ireki ahalko dituzte. 5.000 biztanletik beherako herrietan, herriko tasaz gain, osasun eremuko intzidentzia tasa ere begiratzen dute, eta azken zazpi egunetan bi positibo edo gehiago izan dituzten ere ikusten dute. Bada, osasun eremuei begiratuta, Alegiako eremua (297) kolore horian dago, Ibarrakoa (48)3) eta Villabonakoa (488) laranjan ageri dira, eta Tolosakoa (605) kolore gorrian dago.

Ibarrako Udalak gogoratu du herria eremu gorritik atera bada ere, Jaurlaritzaren aginduz, itxita daudela EAEko udalerri guztiak. "Beraz, herritarrek ezingo dute bizi diren udalerritik atera, ez bada ezinbesteko jarduera bat egiteko: besteak beste, osasun arrazoiengatik, lan egiteko eta ikasteko", esan du. Igor Zapirain alkateak nabarmendu du ardura "herritar guztiena" dela: "Ez dira garai errazak, baina herria guztion artean zaindu behar dugu. Herritar guztiok arduraz jokatu behar dugu gainerokoon osasuna eta ongizatea bermatzeko". ​

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!