Ikuspuntu-aldaketa hori liburu batean edo pelikula batean ikusi daiteke, istorioa kontatzen duen pertsonaren arabera. Baina gerta daiteke zure historia berdina beste ikuspuntu batetik bizi duen pertsona bat ezagutzea. Gertakizun bera bi aldetatik ezagutzea, eta biak guztiz kontrakoak izatea. Zer gertatzen da kasu horretan? Nork dauka arrazoia?
Ez dago irabazlerik eta bi ikuspuntuak dituztenek dute arrazoia, bakoitzak bere moduan. Ikuspuntu ezberdinek laguntzen dute azkenean iritzi bat eraikitzen. Gertakizun baten alde guztiak ezagutzean ordura arte ezagututako egia atzean utzi, eta beste bide bat hasten da.
Gaur egungo gai askotaz hitz eginda ikusten dugu perspektiba oso ezberdinetik begiratzen dugula. Bakoitzak beretik. Batez ere, Euskal Herriko gaietaz hitz egiterakoan. Bakoitzak betidanik bizi izan duen historiaren zatia hartzen eta lehenesten du, hori benetan objektiboa den jakin gabe.
Iritzia egoki eraikitzeko ez da nahikoa betidanik kontatu digutenari lehentasuna ematea, baizik eta beste alderdi batzuk ere kontuan izatea. Garrantzitsua da ikuspuntu guztiak ikusi eta ulertzea. Hori egin ezean, istorioa kontatzen digunari sinetsiko diogu zuzen-zuzenean. Eta, azken finean, bakoitzak gehien komeni zaiona kontatuko du. Zalantzan jarri behar dugu orain arteko guztia.