Aitor eta Galderri elkartasuna adierazi diete

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 22a, 10:21

Ernai gazte antolakundeak deituta elkarretaratzeak egin zituzten atzo Anoetan eta Laskorain Ikastolan, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei babesa adierazteko.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako epaiketa atzo hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2018ko otsailean atxilotu zituzten, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea» leporatuta. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu ditu haietako bakoitzarentzat.

Horren aurrean, Ernaik deituta, elkarretaratzeak egin ziren eskualdean. Batetik, Laskorain ikastetxean eta bestetik, Anoetan. Azken honetan, 45 lagun inguru bildu ziren. Salatu zuten "justizia deitzen dioten legedi faxistaren bidez" ari direla epaitzen bi gazteak. "Gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zigortzea eta beldurtzea baitu helburu. Eta ozen diogu, ez dugula absoluzioa ez den beste epairik onartuko".

Horretaz gain, gogor salatu zuten gatazka politiko armatua "betikotzeko" espainiar estatuaren "etengabeko" saiakera. "Gatazkaren konponbidea blokeatzen dute, euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna libreki erabaki dezagun galarazi nahian", esan zuten. Hainbat eta hainbat gaztek, Aitor eta Galderrek barne, beste Euskal Herri bat eraikitzeko egindako ekarpena goraipatu eta gogora ekarri zuten. Eta argi esan zuten, Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna lortzeko borrokatzeko hautua hartuta dutela, eta errepresio kasu horrek, borrokan jarraitzeko arrazoi bat gehiago bestetik ez dietela ematen. "Ez dute lortuko gu gelditzerik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!