Irudi eta web orri berria aurkeztu ditu Tolosaldea Garatzenek

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 21a, 19:00

Gaur eguerdian Tolosaldea Garatzeneko Lehiberri zentroan egin dute webgune eta marka berriaren aurkezpena. Herritar, erakunde eta enpresetara gerturatzea du helburu, eta komunikazio lan sakonago baten abiapuntutzat dute. Era berean, garapen agentziak dituen zazpi sailei ikusgarritasuna eman nahi die: Enplegua, Enpresak, Turismoa, Udalak, Ekintzailetza, Aniztasuna eta Kontsumo Bulegoa.

Garai berrietara egokitu nahi izan du 25 urte baino gehiago dituen Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziak. Eskualdea batzen eta garatzen egiten du lan Tolosaldea Garatzenek. Anitza da Tolosaldea, eta aniztasunean oinarrituz saretu du eskualdea: "Pieza guztiak lotuz eraikitzen baita herri baten etorkizuna". Enplegua, Enpresak, Turismoa, Udalak, Ekintzailetza, Aniztasuna eta Kontsumo Bulegoa biltzen ditu garapen agentziak, eta marka berriaz gain, www.tolosaldeagaratzen.eus webgunea berritu dute, eta baita sail bakoitzari dagokion irudia ere.

46.000 biztanle, 28 udalerri, 4000tik gora enpresa-establezimendu eta 54 industrialde. Hori da Tolosaldea. Saretze lanean ari dira, eta "saretze horrek ekarriko du elkarlanerako aukera, eta une honetan, elkarlana da baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko eta helburu sendoak lortzeko bide bakarra", dio Joxe Luis Urdangarin garapen agentziako arduradunak.  Herritar, enpresa eta erakundeengana gehiago gerturatzea dute helburu, eta komunikazio lan sakonago bat egitea.

Ia ordubeteko ekitaldia izan da, eta hasteko Iker Urruzola Zizurkilgo alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak hartu hitza. Erreferentziazko irudia izatea nahi dutela adierazi du: "Ezin dugu aurreikusi zer izango dugun etorkizunean, baina garapen agentziatik garbi geneukan irudiak eraldaketa bat merezi zuela; gaurkotu egin behar zela, alegia". Ardatz beretik kudeatzeko guztia, lanketa ezberdinak egiten ari direla esan du, eta "erreferentzialtasuna lortu behar dugu Tolosaldea eskualdean, eta eskualdea osotasunean landuko duen erakunde bat nahi dugu". Olatz Peon Tolosako alkate eta garapen agentziako lehendakariordeak enpleguan eta enpresan jarri nahi izan du azpimarra. "Enpresak barne biltzen du ekintzailetasuna alde batetik, eta baita turismo alorra ere. Turismoak azken urteetan bilakaera izugarria izan du, aurreko urtean salbu".  Bi alor horiek konektatzea dutela helburu argitu du Peonek, "horiek konektatu ahal izateko bi lan ildo nagusi ditugu. Bata, eskualdeko garapenean lagunduko duten proiektuak bilatzea eta bultzatzea, eta bestetik, ditugun baliabideak eta baliabide horien informazioa modu zuzenagoan helaraztea, azken finean, herritarrengan eta enpresengan modu argiagoan gure mezua helarazteko".

"Web orria irisgarria, erakargarria, erabilerraza eta berritzailea izatea espero dugu", esan du Joxe Luis Urdangarin garapen agentziako arduradunak. Erakusleiho nagusitzat dute, harrera pertsonalaren ostean. "Web orri bizia izatea nahi dugu, gero eta joera gehiago dugulako mundu digital honetan horrelako tresnen bidez komunikatzeko". 

Guztiz itxuraldatu dute webgunea, informazioa modu antolatuagoan eta sakonago eman ahal izateko, eta gailu guztietara egokitzeko. Funtzionaltasun gehiago ere izango duela azaldu dute, eta gauza askoren artean, lan-eskaintzak eta lan-poltsak argitaratuko dituzte, CV-ak uzteko aukera emango du, eskualdeko enpresen proiektuen berri emango dute, Lehiberri Zentroko aretoak alokatu ahal izango dira edo kontsumo alorreko zalantzak argitzen lagunduko dute. Marka berria egitea eta webgunea berritzea Tolosako Chroma Estudioaren lana izan da. 
 Joxe Luis Urdangarin garapen agentziako arduradunaren hitzetan, ez da itxura aldaketa soil bat egin eta izaera berri bati begira ari dira lanean: “Aurrera egiteko lehentasunak berrantolatu eta tresna berriak diseinatzen ari gara. Saretzea sustatu, informazioa eman, eragileen zerbitzura egon, eta epe luzerako hausnarketa kolektiboen bidez, estrategia berriak definitu nahi ditugu”.

Tolosaldeko udalek egindako apustua ekarri nahi izan du azalera, "Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeko udalek sortutako eta mantendutako erreminta da, eta erreferentzialtasuna ezinbestekoa da guretzat. Horrela, gure zerbitzu publikoak herritar gehiagorengana eta eragile gehiagotara iritsiko direlako". Laguntzaileak baino ez direla argitu du Urdangarinek, eta protagonistak herritarrak eta eragileak direla. 

Sail bakoitzeko arduradunek ere bere tartea izan dute lan ildoez hitz egiteko, eta batez ere, aurrera begirako erronkez aritzeko.

Aurkezpenaren aurreko lana

Marka berriak 2020ko martxoan abiatu zen analisi sakon bat du oinarrian, eta irudiaren nondik norakoak definitzeko, herritar eta eragileek agentziarekiko duten pertzepzioa ezagutu nahi izan dute.

76 pertsona elkarrizketatu dituzte, eta alor ezberdinetako beste 120ren iritziak bildu dituzte. Ondorioak argigarriak izan direla diote: "Garapen agentzia ezagutu arren, askok ez dute egiten den lana osotasunean ezagutzen, ezta zertarako den jakin ere. Are gehiago, gai edo zerbitzu konkreturen batekin lotu izan dute gehienek". 

Guzti honi irtenbidea eman nahi dion bide baten hasieraren aurkezpena izan da gaurkoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!