Koronabirusa

Amasa-Villabona, Ibarra, Irura, Leaburu-Txarama eta Tolosa daude eremu gorrian

Ataria 2021eko urtarrilaren 21a

Ibarra eta Leaburu-Txarama batu dira eremu gorrian dauden udalerrien zerrendara. Horietan, beraz, ostalaritza itxita egongo da bihartik aurrera, eta mugikortasuna mugatuta izango dute herritarrek.

Osasun sailak kaleratu du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda. Bada, 5.000 biztanletik gorako herrietan, eta Tolosaldeari dagokionez, Amasa-Villabonak eta Tolosak jarraitzen dute zerrendan, 676 eta 618ko tasarekin. Tolosako Udalak gogoratu nahi izan du dagoeneko indarrean dauden segurtasun eta prebentzio neurriak errespetatu behar direla datozen egunetan ere. Amasa-Villabona eta Tolosarekin batera, Abanto Zierbena, Agurain, Amorebieta-Etxano, Andoain, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Bilbo, Durango, Elorrio, Gernika-Lumo, Gueñes, Lekeitio, Markina-Xemein, Muskiz, Orio, Pasaia, Trapagaran, Zumaia eta Zumarraga ere badaude eremu gorrian, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiari dagokionez.

5.000 biztanletik beherako herriei dagokionez, Irurak jarraitzen du eremu gorrian, eta Leaburu-Txarama eta Ibarra batu zaizkio. Egoera ikusita Ibarrako Udalak gogoratu du ostalaritza itxita egongo dela bihartik aurrera eta herritarrek mugatuta izango dutela mugikortasuna. "Udaltzainak herriko tabernetatik eta jatetxeetatik pasako dira informazioa helaraztera. Udalak dei egiten du arduraz jokatzen jarraitzeko eta prebentzio neurriak betetzeko", esan du Igor Zapirain alkateak. 

Irura, Leaburu-Txarama eta Ibarrarekin batera, Aizarnazabal, Ajangiz, Arratzua-Ubarrundia, Artzentales, Asparrena, Forua, Gizaburuaga, Iruña Oka, Iurreta, Bastida, Laguardia, Lantziego, Lantaron, Legutio, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Otxandio, Donemiliaga, Sondika, Eskuernaga, Zamudio, Zestoa eta Ziortza-Bolibar udalerriak daude eremu gorrian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!