Peña II.a konfinatuta dago eta ez du Tolosan jokatuko

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 20a, 15:35
Argazkia: BAIKO

Beotibar pilotalekuan jokatu behar zuen larunbatean Albisurekin batera Ezkurdia eta Ladis Galartzaren aurka. Bere ordez Zubizarreta III.a ariko da.

Baiko Pilota enpresak jakinarazi duenez, Jon Ander Peña konfinamendu egoeran dago SARS-CoV-2 detektatzeko test batean positibo eman zuen pertsona batekin harreman estuan egon zelako. Peñari egindako detekzio probek emaitza negatiboa eman dutela gaineratu du enpresak.

Pilotariak kasu horietan agintariek ezarritako protokoloa jarraitu beharko duela azaldu du Baikok. Aldi baterako, Peñak ez du entrenamendu eta partidetan parte hartuko osasun agintariek kirol jarduerara "segurtasunez itzultzea posible dela ulertu arte".

 Bide batez, Baiko Pilotak gogora ekarri du osasun agintariek ezarritako "COVID-19a zaintzeko eta kontrolatzeko jarduera prozedurak" jarraitzen dituela.

Binakako Txapelketaren laugarren jardunaldiari dagokionez, Zubizarreta III.ak jokatuko du Peña II.aren ordez larunbatean Tolosan. Beotibarko jaialdian, hirugarren partidan Iker Elizegi asteasuarrak jokatuko du, Arteaga II.arekin batera, Elordi-Garmendiaren aurka, promozio mailako txapelketan.

Asteburuko beste partidak

Ostiraleko jaialdian, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko dena, Erik Jaka lizartzarrak eta Martijak Urrutikoetxea-Imaz izango dituzte aurkari. Jaialdi horretan, promozio mailako txapelketan Jon Erasun zizurkildarrak Salaverri II.a ordezkatuko du, eta Alberdirekin batera Zabala eta Erostarbe bikoaren aurka ariko dira.

Igandeko jaialdian, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Jokin Altuna amezketarrak eta Mariezkurrena II.ak Olaizola II-Rezusta izango dituzte aurkari.

Azkenik, asteleheneko jaialdian, Gernikako Santanape pilotalekuan, Iñaki Artolaren ordez Bengoetxea VI.ak jokatzen jarraituko du, alegiarra oraindik lesionatuta dagoelako. Arangurenekin batera aurkari Elezkano-Zabaleta II izango dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!