Ingurumen larrialdi globala herriz herri salatzeko ekimena antolatu dute

Naia Vazquez 2021ko urt. 21a, 15:50
Larreko Mahaiak Donostian eman zuen ekimenaren berri.

Larreko Mahaiak U30 Aldaketaldia antolatu du hilaren 30aren bueltan «ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lantoki guztietan ingurumen larrialdia salatzeko» asmoz.

Hainbat talde ekologista, sindikatu eta eta eragilek osatutako Larreko Mahaiak U30 Aldaketaldia antolatu dute. Ekimenak ingurumen larrialdia salatzea du helburu, «betiere ikuspegi lokaletik». Hori dela eta, hilaren 30ean manifestazioa egingo dute Donostian 17:00etatik aurrera Gladys Enea parketik abiatuta, baina ekitaldi horrekin batera, bestelako ekitaldiak egingo dituzte Gipuzkoako 20 herri baino gehiagotan, tartean Altzon, Tolosan eta Aiztondo bailaran. Zehaztuta dagoen bakarra, dena den, Altzokoa da; Haritzalde taldeak dinamizatuta, zuhaitz landaketa egingo dute otsailaren 6an. 

Norabide aldaketa bat eskatzen du Larreko Mahaiak eta horretarako euskal gizarte aktibo eta saretua osatu behar dela uste du: «Agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta larrialdi-egoera areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta sartzea». Gogoratu du era berean, otsailaren 6an Zaldibarko zabortegiko gertaeraren urteurrena ospatuko dela eta hori gizarteratzen lagundu nahi duela. «Zaldibarkoan argi geratu baita Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez daudela ondo egiten ari».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!