"Langileria antolakuntza komunistara lotzea da helburu nagusia"

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 20a, 19:58

Antolakuntza komunista indartu asmoz sortu dute Kontseilu Sozialista eta eskualdetik ekarpena egiteko prest direla azaldu dute Ane Haranburu eta Jatsu Ormazabal kideek; kapitalismoa gainditzea eta Euskal Estatu Sozialistaren sorrera dituzte ortzi-muga.

Urte amaieran aurkeztu zuten eskualdeko Kontseilu Sozialista, «langileriaren interesen alde» jarduteko. Bertako kide dira Ane Haranburu eta Jatsu Ormazabal. 

Zein testuingurutan sortu duzue Kontseilu Sozialista?

Ane Haranburu: Kapitalismoaren egiturazko krisialdi baten erdian sortu da Kontseilu Sozialista. Orain arte ezagutu dugun ongizate estatuaren gainbehera momentuan eta langile klasearen bizi baldintzak esparru askotan okertzen ari direla ulertzen dugun testuinguruan.

Jatsu Ormazabal: Egoera zail horren aurrean langile klasea mota guztietako babesik gabe egoteak kezkatzen gaitu. Hau da, gainera datorkigun guztiari langileriaren interesak lehenetsiz aurre egiteko antolakuntza tresna propiorik gabe eta erreferentzia politiko baten faltan aurkitzen garela uste dugu. Hutsune horretan ekarpena egitea da gure asmoa.

Zein egoeratan aurkitzen da langile klasea gaur egun?

J. O.: Ez gara baikorrak aspektu horretan. Izan ere, 80ko hamarkadan edo 2008ko eztanda finantzarioarekin ondo frogatuta geratu denez, krisialdia latza da langile klasearentzat. Gizartea are gehiago polarizatzen ari dela ulertzen dugu; azken hamarkadetan langile klasearen sektore batzuetan sortu den erosotasun-egoera ekonomikoa amaitzen ari da. Hau da, langile klasean ezegonkortasun ekonomikoa eta pobrezia areagotzen ari dira; beste aldean, berriz, aberastasuna are esku gutxiagotan kontzentratzen da. Zentzu horretan, langabezia eta etxe kaleratzeak bezalako fenomenoen areagotze bat espero dugu, eta baita miseria moralaren ondorio diren eraso matxisten gisako adierazpenena ere. Horregatik, gure ustez erabateko gaurkotasuna du proletarizazio prozesuaz eta langile klaseaz hitz egiteak, azken horren forma aldatu bada ere.

A. H.: Aspektu politikoari dagokionez berriz, politika instituzionalak langile klasean sortzen duen atxikimendu eza oso altua da. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan abstentzioa ia %50ekoa izatea adierazgarria da: egungo sistema politikoak eta bertan parte hartzen duten alderdiek langileriaren beharrei erantzuteko daukaten ezintasunaren isla da. Egoera horrek demokrazia burgesa legitimitate krisi batean murgildu du.

Testuinguru horretan, miseria egoera eta atxikimendu-ez politikoa dela eta, gobernua hartzen ari den hautua autoritarismoan eta estatu polizialean sakontzea dela uste dugu, langile klasea diziplinatzeko helburuarekin. Hau da, estatua eta klase burgesa babesteko indartzen ari dira langileenganako kontrola eta indarkeria. Norabide horretan ulertzen ditugu, birusaren aitzakian, azken hilabeteetan gobernuek hartu dituzten hainbat neurri arbitrario eta autoritario.

Eta zein helburu dituzue?

J. O.: Kontseilu Sozialista ez da langile klaseak behar duen erreferentziazko behin betiko antolakunde politikoa, ezta gutxiago ere, antolakunde horren eraikuntzan Tolosaldetik ekarpena egin nahi dugu eta horregatik antolatu gara. Zentzu horretan, langileria antolakuntza komunistara lotzea da daukagun helburu nagusia, eremu eta konpromiso ezberdinen bitartez, geroz eta erronka handiagoei erantzun ahal izateko. Kapitalismoa gainditzea eta Euskal Estatu Sozialistaren sorrera baita gure ortzi-muga. Horretarako, lehentasunezkoa dela uste dugu estatu-instituzioetatik eta ideologia burgesetik autonomiaz jardungo duen mugimendu zabala sortzea, langile klasearen bizitzak zeharkatzen dituen hamaika problematikei erantzuteko gaitasuna izango dutenak.

A.H.: Norabide horretan lan egiteko pertsona ezberdinen arteko elkarlana sustatuko dugu eta baita  problematika bakoitzaren arabera antolatutako borroken arteko batasuna ere. Gure ustez, klase batasuna ezinbestekoa da helburu handiak erdiesteko, fragmentazioaren ondorioa indarren banaketa baita.

Kasualitatea da pandemia garaian elkartu eta sortu izana?

A.H.: Pandemiaren aurretik hasiak ginen elkartzen baina egia da birusak eta horren inguruan sortu den testuinguru guztiak baldintzatu egin dituela gure asmoak, jakina. Batetik, biltzeko esaterako, neurri murritzaileen trabak izaten jarraitzen dugu eta bestetik, gure jardun osoa osasun neurrien arabera moldatu behar izan dugu. Alabaina, birusaren testuingurua baliatuta, gobernuak gure eskubide zibil eta politiko kolektiboak indargabetzen ari direla ikusi dugu, eta zentzu horretan are garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa dela uste dugu trabak gainditu eta antolakuntza komunistaren aldeko pausua ematea, oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsa ere egin ahal izateko.

Zein aspektutan egingo duzue lan?

J. O.: Hainbat lan-lerro jarri ditugu martxan: batetik, langileriak bere kabuz eta bere interesen araberako pentsamendu kritikoa garatzeari ekarpena egin nahi diogu. Bestetik, premiazkoa dela deritzogu sektore zaurgarrienetan dauden langile sektoreen beharrei erantzutea. Horretaz gain, hainbat komertzio, establezimendu eta tabernetan jabego txikiek langileekin mota guztietako gehiegikeriak egiteko daukaten inpunitatea ere borrokatu nahi dugu, baita polizia bortizkeriari eta jazarpenari aurre egin ere. Horrekin batera, preso politikoen amnistiaren aldeko aldarria zabaldu nahi dugu. Langileriarentzako aisialdi eta kultura eskaintza anitza egiteko proposamena osatzea ere gure asmoen artean dago. Gainera, gazte, ikasle eta emakumeen esparruan lan egiten duten Gazte Koordinadora Sozialista, Ikasle Abertzaleak eta Itaia antolakundeekin hartu-emana indartzea ere bada apustua.

Jenerazioen arteko lankidetza bilatzen duzue?

A. H.: Lehenago azaldu bezala krisialdiak ondorio kaltegarriak dauzka langilerian, eta gure ustez, egun bizi dugun egoera belaunaldien arteko haustura bat sortzen ari da. Izan ere, bereziki belaunaldi gazteak gara ezegonkortasun egoera bizitzen ari garenak eta biziko dugunak, gure gurasoek baino baldintza material eta ekonomiko makurragoetan bizi beharko dugun belaunaldia garela ere esan ohi da. Egoera horrek, aldi berean, gazteen artean ikuspegi marxista eta iraultzailea areagotzea ere eragin du; gu gara horren adibide bat.

J. O.: Hala ere, uste dugu krisialdia proletariotzaren adin-tarte guztietan ari dela eragiten eta horregatik ez dugu adinaren araberako banaketa sustatu nahi. Klase batasunaren indarrean sinisten dugu, baita belaunaldien arteko batasunean ere, belaunaldi bakoitzak dituen arazoei langile klase osoaren indarrarekin erantzun behar zaiola pentsatzen dugulako. Adibidez, ez dugu uste pentsionisten egoera bidegabea beraien arazoa soilik denik, belaunaldi arteko langile batasunarekin erantzun beharreko problematika baizik. Funtsean, langileriaren klase batasuna antolatu nahi dugu, belaunaldiartekoa dena eta eremu anitzetan lan egiteko gaitasuna duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!