Lehenengo puntua Jakarentzat

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 18a, 11:31

Jaka-Martija bikoteak 22-21 irabazi zioten atzo Ezkurdia-Ladis Galartzari Eibarren jokatutako binakako txapelketaren partidan.

Lasaitasun pixka bat hartu dute Jakak eta Martijak binakako txapelketan. Hirugarren jardunaldian lehenengo puntua eskuratu zuten, ozta-ozta lortu bazuten ere. Ezkurdia-Ladis Galartza bikoteari tanto batengatik irabazi zioten, gorabeherak izan zituen partida batean. Bi bikoteak garaipenik gabe iritsi ziren norgehiagokara eta garrantzitsua zen bientzat lehen puntua lortzea.

Jakak berak azaldu zuenez, ez zen gustura geratu egindako partidarekin: "Kostatu zait partidan sartzea. Julenek eutsi dio partidari, eta horregatik lortu dugu azkenean garaipena". 21-16 irabazten joan ziren lizartzarra eta bere bikotea, baina aurkariek bost tanto egin eta emozio handia ipini zioten partidari.

Elizegik garaipenik gabe jarraitzen du

Iker Elizegik ezin izan zuen Eibarko jaialdian bere lehen puntua lortu promozio mailakoan. Asteasuarrak Arteaga II.a du bikote, eta 10-22 galdu zuten Zubizarreta III-Uriondo bikoaren aurka. Hori horrela, Arteaga II-Elizegi bikoteak ez du partidarik irabazi hiru jardunaldietan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!