Kazetaritza fakultateetan erakusten omen dute "zakurrak gizakiari hozka egitea ez dela albistea; aldiz, gizakiak zakurrari hozka egitea bai". Eta hau baino okerragoa ari zaigu gertatzen gaur, gizakiak beste gizaki ahulagoari, xumeagoari egiten dio hozka, norbera gora igotzeko, albokoari gezurrak, irainak, albiste faltsoak asmatuz, froga eta irudien iruzurra erabiliz. Euskal Herrian aplikatu zen eta oraindik ere inoiz aplikatzen da hori (Altsasukoen kasua lekuko). PLAN ZEN entzutetsu hura horixe besterik ez zen, CIAko maisu zikinei ikasia. Aspaldian dabiltza Munduko Ordena Berria inposatu nahi diguten zerri guztiak hori ezarri nahian: Rockefeller, Rotschild, Kissinger, Soros, Lagarde, Bill Gates, Zuckeberg, Trump, Windsor dinastia, Bildeberg Kluba, Irakeko gerrako eroak Bush, Aznar eta Tony Blair, Murdoch eta bere enporioa... gezurrak asmatzen eta guri sinetsarazten egia hutsak direla. Ameriketan hor dabil hauen jokabide maltzurra agerian utzi nahian Chomsky handia (hizkuntzalaria eta gramatika generatiboaren sortzailea). Eta munduan hauei eta batez ere Trump eroari "potroak mahai gainean jarri dizkiotenak" gutxi batzuk dira (barkatu espresio matxista eta itsusi hori): lehenbizi, Kim Jong Un, suziri-jaurtitzailea, Putin, Xi Jimping, Castro Anaiak, Hugo Chavez (hau hil zuten CIAren bitartez), Maduro, Gadaffi (hau ere hil zuten), Evo Morales (mehatxuekin erbesteratu zuten, baina haren ideiek eta oinordekoek hartu dute berriro boterea Bolivian), Bassar al Assad, eta Erdogan eroa ere dabil bazter guztiak nahasten (Errusiari gerra hegazkin bat suntsitu, amerikarrei Incirlingo base militarra itxi, Sirian lotsagabeki ISISekoak armaz eta borrokalariz hornitu Al Assak botatzeko; duela gutxi Nagorno Karabaj-eko gatazkan muturra sartu armenioak oraindik gehiago umiliatzeko; lehen, armenioen genozidioan, hildako hiru milioiak ez zituzten nahikoak nonbait...).
Eta azkenean, iritsi da denok beldurrez espero genuena, Trumpen eromen izugarria, Neron enperadorea imitatuz, ez du erre Kapitolioa, baina ia-ia. Estatu kolpe baten antzeko ekintza izan da eta badira susmoak trogloditaz jantzitako haiek Nancy Pelosi, Mike Pence eta beste batzuk bahitzeko eta hiltzeko agindua zutela. Hala dio hainbatek, eroak bezala ibili zirela bi horien bila eta oso ondo zekitela horien bulegoak non zeuden. Itxura guztien arabera xehetasunez prestatutako kolpea zen eta aurretik Trump berak planifikatutakoa dirudi poliziaren eskasia Kapitolioa babesteko eta gero azaldu zuen berariazko nagikeria suizida polizia eta zaindari gehiago bidaltzeko. Azkenean, Mike Pence berak agindu zuen goardia nazionala sar zedila Kapitolioan, ordena jartzeko eta intsurrekto barbaro haiek denak Kapitoliotik bidaltzeko.
Trump guztiz erotuta dago eta megalomano, narzisista eta tirano bihozgabe bat besterik ez da, orain arte argi erakutsi duen bezala, baina jendea engainatzen eta gezurrak zabaltzen ere artista da. Eta azkenean, jendeak haren gezurrak sinetsi egin ditu. Uste dute joko zikina eta lapurreta egon dela botoak kontatzerakoan eta Joe Biden eta Kamala Harris komunista eta ezkertiar arriskutsu batzuk direla. Eta jende xumeak, hainbeste aldiz entzunda, eta errepublikanoen epelkeria eta Trumperi egin dioten jarraipen itsua ikusita, erotu eta berotu egin dira, presidenteak berak hauspotuta. Azkenean, Kapitolioko leherketa etorri zen, baina hari asko azpitik jendea maneiatzen ibilita txotxongiloetan bezala. Eta ez zen tragedia handiagorik gertatu, Pencek azkeneko momentuan Goardia Nazionala sartu zuelako Kapitolioan eta telebistan presidente izandako hainbatek eta Joe Biden berak eskatu ziotelako Trumpi erokeria harekin bukatzeko.
Orain, impeachment berri hau iritsiko ahal da bukaeraraino eta enperadore usteko gizon eroa botako ahal dute politika mundutik betirako. Ea gero epaileek sartzen duten Alcatrazeko espetxean, huraxe baita ero narzisista honek merezi duen lekua. Hala bedi.