Ataria Bertso Jaialdia 2021

Erdia bikoitz egina

Ataria 2021ko urt. 16a, 21:20

Tolosako Leidor aretoa 400 bertsozalek bete dute urteroko Atariaren Bertso Jaialdian. Gozatua hartu dute gerturatutakoek.

Urteroko bertso jaialdia antolatu du TOLOSALDEKO ATARIA-k, aurten, pandemiak baldintzatuta. Hala ere, baimendutako aforoa bete dute eskualdeko bertsozaleek, 400 inguru gerturatu dira Leidor aretora. Amaia Agirre gai jartzailearen esanetara aritu dira Oihana Iguaran, Ane Labaka, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina eta hasieratik aipatu dute bertsolariek bizi dugun osasun egoera. Iguaranek horrela kantatu du agurreko bertsoan: "Semaforoak laranja-gorri / ezin joan baina ongi etorri / Leidor da edalontzi oparo / erdi bete edo erdi huts dago / Beteta grina, aurrez aurreko eta streaming / hau da erdia bikoitz egina". 

Saioa Tolosan ospatuagatik agertu dira, adibidez, inauteriak. Iaz koronabirusaz mozorrotu zirenaren paperetik kantatu dute Colinak eta Egañak. Urkizun elurretan jolasean ere aritu dira biak, Tolosako erdigunean bizi diren kaletarrak. Han goran, Lujanbio eta Iguaran baserritarrekin egin dute topo eta saio umoretsua osatu dute lau bertsolariek. Launaka aritu dira bertsolariak, baita ere, Iparragirre doinuan. Egaña Barricadako Boni omenduz haren musika ozen entzuten doala kontrolean geratu du Labaka ertzainak, bien arteko elkarrizketan aritu dira eta bien barneko ahotsa azaleratu dute Lujanbiok eta Colinak.

Gai serioagoetatik aritzeko aukera ere izan dute bertsolariek. Arkitektura ikaslea izan da Labaka eta espazio orok denontzat irisgarria beharko lukeela aldarrikatu du bertsotan. Habaneran, gai jartzaileak puntu erdian oina emanda kantatu du Iguaranek, haur motxiladunaren paperetik. Hauxe da osatu duen hirugarren bertsoa: "Eskerrak barrotearen aurrean gu garen sare / eta amonaren eskuek besarkatzen nauten bare / ziegan marrazkiak dira amaren aldare / lehen geneukan konpainia faltatzen zaigu halare / berriro izan nahi nuke bere lo kantuen jabe / gauero amets gaiztoak dira nire atsekabe / lo hartu behar dedalako nire ama laztandu gabe / haiek ekartzeko gogoz ta itxaropenez gaude".

Itsaso eta Maddalen arrebek hiruna puntu jarri dizkiote Arzallusi. Azkenekoan Maddalenek galdetu dio anaiari: "Zer da arrebongandik ikasi duzuna? / Nahiz eta disimulatu, zuen maitasuna / entzuten dut taupada horien oihartzuna / entzuten al duzue nire erantzuna?". Hain zuzen, Arzallus Colinarekin batera aritu da kale izendegia emakume izenez hornitzeko proposamenak egiten. Makina bat bururatu zaizkie: Kattalin Agirre, Yoyes, Maddi Treku, Maialen Lujanbio, Libe Goñi, Elbira Zipitria...

Emakume bakarra konkistatu nahian aritu dira Lujanbio eta Colina eta Lujanbioren miresle bezala agertu dira Iguaran eta Labaka beste ariketa batean. Saioaren amaiera aldera zirujauaren paperean sartu da Egaña eta atzeko bertso kideei egin beharreko inplanteei buruz hizketan bertsoaldi umoretsua osatu du.

Bukaerako agurrean gai horri egin dio erreferentzia zarauztarrak, COVID-19ak eragin duen pandemia ahotan hartuta: "Garun denetan txertatuko dut umorezko erauntsia / elkartasuna, itxaropena, jakinduria, zientzia / eta batik bat, pazientzia". Txalo zaparradarekin eskertu dute Tolosara gerturatutakoek oholtza gainean bertsolariek egin duten lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!