Koronabirusa

Auto-karabana egin dute ostalariek

Ataria 2021ko urt. 16a, 13:00

Sektorearentzat irtenbidea eskatu dute protesta ekitaldian, "laguntzak baino gehiago, konpentsazioak". Tolosako Usabalen abiatu duten karabana Andoainen bukatu dute kontzentrazio batekin.

Gipuzkoako ostalariek auto-karabana egin dute Tolosatik Andoainera, eskualde osoa zeharkatuz. Andoainen egindako elkarretaratze batekin amaitu dute protesta ekitaldia. Gipuzkoako Foru Aldundiari plan bat garatzeko eskaera luzatu dute ostalariek, zuzeneko laguntzak, zerga abantailak eta positiboek eragindako itxierak adostu ahal izateko. "Komunikazioak nahikoa denborarekin izatea eskatzen dugu. Zergatik ematen dira laguntzak hain berandu? Laguntzak baino gehiago konpentsazioak behar ditugu. Negozio itxiek galera handiak besterik ez dituzte sortzen", esan dute protestaren hasieran.

Borrokan jarraituko dutela hitz eman dute ostalariek eta esan dute ez direla geldirik egongo murrizketa eta itxiera gehiagoren zain. "Gobernuekin egindako negoziazioetan balizko agente izatea lortu behar dugu". Lelo ezberdinak zabaldu dituzte gaurko auto-karabanan: Sos Ostalaritza, Ostalaritza aurrera, Diru laguntzak gaurkorako, Langileak ez gara gaizkileak, Aski da, Ostalariak errudunak?, Urkullu non daude laguntzak?.

"Ordutegi, distantzia eta murrizketa berrien etengabeko aldaketekin ostalariak zoratzeko puntuan egon gara. Bigarren itxialdiaren ondoren irekitzera behartu gintuzten, oraindik baldintza okerragoetan, atzera pausoa emanez. 20:00etan itxi behar genituen gure establezimenduak, edo 18:00etan, Eguberrietako egunetan, gehien fakturatzen dugun garaian". Ostalariek esan dutenez, guztientzat geroz eta zailagoa da egoera: "Arazo ekonomikoak, larritasuna eta estresa geldiezinak dira". 

Ostalariek mobilizazio gehiago iragarri dituzte datozen egunetarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!