Koronabirusa

Berastegi eta Ibarra ere eremu gorrian sartu dira

Ataria 2021ko urt. 14a, 13:25

Amasa-Villabonarekin batera, Berastegi eta Ibarra ere kolore gorrira pasa dira, 855 eta 580ko intzidentzia tasarekin, ondorioz, ostalaritza itxita izango dute eta mugikortasuna mugatuta bertako herritarrek gaur 00:00etatik aurrera.

Osasun sailak ostalaritza itxita izango den udalerrien zerrenda argitaratu du, eta bertan Tolosaldeko beste bi herri agertzen dira, Berastegi eta Ibarra. Astelehenean jakinarazi zuten Amasa-Villabona zerrenda horretan sartu zela, 5.000 biztanletik gorako udalerria izanda, 100.000 biztanletik 500eko kutsatu tasa gainditu zuelako. Bada, gaur argitaratutako zerrendan, Amasa-Villabonak jarraitzen du, 659ko tasa duelako, 5.000 biztanletik gorako Agurain, Amorebieta-Etxano, Andoain, Beasain, Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Markina-Xemein, Muskiz eta Zumaiarekin batera.

5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan, Berastegi eta Ibarra agertzen dira gaur argitaratutako zerrendan, 855 eta 580ko tasarekin, hurrenez hurren. Zerrenda horretan, Asparrena, Aizarnazabal, Mundaka, Donemiliaga, Sondika, Zamudio eta Zegama ere agertzen dira. 5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan, eremu gorrian sartzeko ondorengo irizpideak hartzen ditu kontuan Osasun sailak: 100.000 biztanleko 500eko positibo tasa gainditzea udalerrian eta osasun eremuan, eta COVID-19aren kasu positiboen kopurua azken 7 egunetan 2 baino gehiago izatea.

Bada, Osasun sailak zehazten duenez, euskadi.eus webgunean zerrenda argitaratu eta biharamunetik da eraginkorra ebazpena, beraz, bihartik aurrera jartzen dira indarrean neurriak, gutxienez hurrengo ebazpena argitaratu arte. Neurriei dagokienez, besteak beste, ostalaritza-establezimendu eta jatetxeak ixtea, udal-eremutik kanpora irteteko muga eta taldeko kirol-jardueraren praktika murriztea aurreikusten dute.

Ibarrako alkate Igor Zapirainek herritarrei arduraz jokatzen jarraitzeko eta prebentzio neurriak betetzeko eskatu die. Bestalde, udaltzainak herriko taberna eta jatetxe guztietatik pasako direla informazioa helaraztera azaldu du.

Berastegiko alkate Amaia Azkuek ere, zaintzeko eta neurriak hartzen jarraitzeko eskatu die herritarrei, "ahalik eta azkarren atera gaitezen eremu gorritik eta jarritako neurriak malgutu diezazkiguten".

Amasa-Villabonari dagokionez, tabernak itxita daudenez, udalak berriro ere komunak ezarri ditu Villabonako bost tokitan (aurreko aldian ezarri ziren lekuetan). Udal gobernuak aurten komun publiko finko bat eraikitzeko konpromisoa hartu duela ere adierazi du, eta 40.000 euroko aurrekontua ezarri du horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!