Izan bidea

Aurreikuspenak gainditu ditu Aiztondoko mobilizazioak

Ataria 2021eko urtarrilaren 9a

Zizurkildik Villabonara bitartean egin dute Izan Bidea ekimena, euskal presoen eskubideak aldarrikatuz, eta Aiztondo bailarako ehunka herritar elkartu da mobilizaziora.

Elurrari eta hotzari aurre eginez, ehunka herritar atera dira kalera Sarek deitutako mobilizazioarekin bat eginez. Izan ere, urtea hastearekin batera, Bilbon eta Baionan salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatuz egin ohi diren manifestazioak, egungo egoerak bultzatuta, herriz herriko mobilizazio bilakatu dira aurten.

Tolosaldean, askotariko mobilizazioak izan dira herrietan, eta Aiztondo bailararen kasuan, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan hasi eta Villabonako Arroa auzora bitarteko bidea egin dute manifestazioan parte hartu duten ehunka herritarrek. Antolatzaileen arabera, 700 pertsona izan dira orotara mobilizazioan parte hartu dutenak, izan ere, ibilbidean zehar elkarte, herritar edota erakunde desberdinak taldeka batzen joan dira. Zizurkilgo nekazariak izan dira euren traktoreekin manifestazioaren buru jarri direnak, eta horien atzetik, Asteasu eta Zizurkilgo trikitilariak, bailarako herritarrez osaturiko taldeak, Aizkardi mendi elkarteko kideak, Ernai eta gaztetxeetako kideak, Irrintzi eta Beltza-enea elkarteetakoak, Villabonako EH Bilduko kideak, talde feministak, pentsiodunak edota motxiladun umeak. Fleming haurreskola dagoen plazara iritsi aurretik mobilizaziora batzen azkenak, berriz, presoen senideak izan dira.

Behin plazan, ibilbide osoan bezala presoen aldeko aldarriek jarraitu dute, eta Izan Bidea ekimenaren irudia irudikatu dute herritarrek, kandelak eskuetan zituztela. Antolatzaileak "oso gustura" agertu dira mobilizazioak izan duen erantzunarekin, aurreikuspenak gainditu baititu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!