Euskara nagusi, Tolosako erakusleihoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 8a, 16:59

Galtzaundi Euskara Taldeak saltokien paisaia linguistikoa aztertzen du 2015etik, eta 2020ko merkealdi kanpainak behatzean "aurrerapauso handiak" nabaritu direla esan du.

Saltokiek aldaketa ugari egiten dizkiete beren erakusleihoei merkealdi garaian. Izan ere, eskaintzak iragartzeko kartelek eta beherapenak adierazteko euskarriek betetzen dituzte denden erakusleihoak urteko bi merkealdi epeetan. Neguko eta udako merkealdi kanpainek kaleetako hizkuntza paisaiari nabarmen eragiten diotela ikusita, Tolosako merkealdietan parte hartzen duten saltokien paisaia linguistikoa aztertzen du Galtzaundi Euskara Taldeak 2015etik aurrera.

2020ko merkealdi kanpainak behatzean "aurrerapauso handiak" nabaritu dira euskararen presentzian. "Hain zuzen, hori, Galtzaundik 2018an hartutako erabakiaren ondorio argia da; 2018tik aurrera saltokiz saltoki urteko jarraipena egiten da eta merkealdi garaian, merkealdietan parte hartzen duten saltokiei UEMAk sortutako materiala eskura jartzen zaie", esan du euskara taldeak. Aldi berean, saltokien beharretara egokitutako eskariak ere jasotzen dira, ondoren berriro ere haiengana jo eta kartelak banatuz.

 

Aurrerapauso ugari

2015etik 2020ra arteko merkealdi sasoiak alderatuz, aurrerapausoak nabaritu ditu Galtzaundik. Ordutegiei dagokienez, euskararen presentziak ia 10 puntuko gorakada izan du bost urte horietan, euskararen presentzia %90era igoz. "Bilakaera positiboa da merkealdietan parte hartzen duten Tolosako saltokiei erreparatuz". 2020ko udako merkealdian, COVID-19aren ingurumarian, askoz ere ageriko idatzi gehiago jarri direnean, euskararen presentziak nabarmen egin du gora, "geroz eta kartel gehiago, orduan eta handiagoa da euskararen presentzia".  2020ko udako merkealdietan %90koa izan zen. Era berean, merkealdiaz ohartarazteko kartel nagusietan euskararen presentzian gorakada nabarmena eman da 2018ko udako sasoitik aurrera, euskararen presentzia ia erakusleiho guztietan bermatuz. "Bereziki euskara hutsezko karteletan eman da gorakada, elebidunen eta gazteleraz bakarrik idatzitakoen kaltetan; 10 karteletik 8 euskara hutsean idatzitakoak ziren 2020ko merkealdi kanpainetan". Bukatzeko, ehunekoak agertzen diren karteletan euskara edo gaztelania dikotomia bakarrik existitzen dela esan du ere Galtzaundik. "Bost urteko bilakaerari erreparatuz ikusi daiteke azken hiru merkealdietan iraultza gertatu dela: euskarazko ehunekoak %20 izatetik %60-70 izatera pasa dira, gaztelerakoei beren nagusitasuna kenduz".

Horiek horrela, 2018tik aurrera bereziki landu diren alorretan (merkealdien kartel nagusia eta ehunekoak) gorakada esanguratsua nabaritu da 2020ko behaketetan. "Bost urte arteko behaketak ikusiz, esan daiteke 2020ko merkealdietan euskara osasuntsuago agertu dela Tolosako kaleetan, 2015, 2016, 2017 eta 2018an baino. Bereziki merkealdien berri emateko kartel nagusietan eta ehunekoetan emandako goranzko jauziari esker, Tolosako saltokietan lehen aldiz euskara nagusi izan da urteko bi merkealdi kanpainetan".

Amasa-Villabona, Ibarra eta Tolosako lanketen osagarri

Tolosako egoera, dena den, ez da "isolatutako fenomeno bat" Galtzaundiren ustez. "Merkealdi garaietan Tolosako saltokien erakusleihoetan euskaraz izandako hobekuntza ez da isolatutako fenomeno bat. Galtzaundi Euskara Taldea besteak beste UEMArekin eta Villabona, Ibarra eta Tolosako udalekin batera elkarlanean lantzen ari den urtez urteko lanketaren fruituak dira emaitza horiek. Urtero 600dik gora saltoki bisitatzen dituzte Galtzaundiko teknikariek hiru herri horietan, paisaia linguistikoa eta bezeroen harretan euskararen aldeko pausoak emateko baliabide, tresna eta aukerak azaldu eta gomendioak emanaz".

Euskaraz eta herrian kontsumitzeko deia

Galtzaundik herriko saltokietan eta euskaraz kontsumitzeko deia egin nahi die Tolosaldeko herritarrei. "Eskualdeko dendek euskararen aldeko pauso etengabeak ematen dituzte eta merkatariak gakoak dira hizkuntzaren garapenerako, tokiko merkatariei esker gure kaleetako paisaia linguistikoan euskarak geroz eta presentzia gehiago du eta. Saltokiek herriko garapenean laguntzen dute eta bistan denez, euskararen garapenean ere bai".  Tolosaldeko ia saltoki guztietan, %90ean, erosketak euskaraz egin daitezkeela gogoratu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!