Peña II.ak ezin izan du bigarren puntua eskuratu

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 7a, 20:56

Jon Ander Albisurekin bikotea osatuz, 22 eta 19 galdu zuen, atzo Eibarren, Olaizola II.aren eta Rezustaren aurka, Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko lehen partidan. Tolosarra eta ataundarra baino hobeak izan ziren goizuetarra eta bergararra.

Lehen jardunaldian Urrutikoetxea eta Imazi 22 eta 8 irabazi ondoren, sailkapeneko lehen postua berreskuratzeko asmoz kantxaratu ziren, atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan, Peña II.a eta Albisu. Aukera ederra zuten aurrean, baina ez nolanahiko aurkariak. Txapelketa irabazteko faboritoa den bikoteetako baten aurka aritu behar zuten: Olaizola II-Rezusta.

Bi zati izan zituen partidak: lehenengoan, aurretik izan ziren garaileak, eta alde politekin, gainera. Handiena seikoa izan zuten: 10-4, 14-8 eta 17-11. Rezusta ondo ari zen, eta Olaizola trebe zebilen tantoak bukatzen. Urdinek pixka bat gerturatzea lortu zuten hiru tantora, baina ematen zuen partidak gorrien kolorea zuela. Hala ere, 17-11koaren ondotik buelta etorri zen: zazpi tanto elkarren segidan eginez, 17-18 aurreratu ziren Peña eta Albisu. 18-19 ere egon ziren, baina hor bukatu zitzaien aldeko haizea. Azkeneko tantoak gorrientzat izan ziren.

Estatistikei dagokienez, Olaizolak hamar tanto egin zituen denera, eta hiru galdu; Peñak, berriz, hamabi egin eta zazpi galdu zituen. Atzelarietan, Rezustak hiru galdu zituen, eta Albisuk bost (tanto bat egin zuen ataundarrak).

Derbia, Altunarentzat

Urte berri egunarekin batera hasi zen Binakako Txapelketa. Altuna III.ak eta Jakak, buruz buruko eta lau eta erdiko txapelketetako azken bi txapeldunak, elkarren aurka jokatu zuten, Eibarren, lehen jardunaldiko hastapeneko partidan. Errebantxaren errebantxa izan zitekeen amezketarraren eta lizartzarraren arteko derbia, baina Mariezkurrenak atzeko koadroetan egindako lan bikainari esker, azken finalean bezala, Altunarentzat izan zen garaipena: 22 eta 11.

Artolak, ezin

Hilaren 2an, berriz, Lizarran jokatu zuten Artolak eta Aragurenek, Olaizola II.a-Rezusta bikotearen aurka. Alegiarra eta usurbildarra ondo aritu ziren neurketako lehen zatian, baina minutuek aurrera egin ahala, askoz gehiago izan ziren aurkariak. Amaieran, 22 eta 12 galdu zuten Artolak eta Arangurenek.

Sailkapena:

  1. Olaizola II.a-Rezusta: 2 puntu (+13)
  2. Elezkano II.a-Zabaleta: puntu 1 (+19)
  3. Peña II.a-Albisu: puntu 1 (+11)
  4. Altuna III.a-Mariezkurrena: puntu 1 (+11)
  5. Artola-Aranguren: 0 puntu (-10)
  6. Jaka-Martija: 0 puntu (-11)
  7. Urrutikoetxea-Imaz: 0 puntu (-14)
  8. Ezkurdia-Ladis Galarza: 0 puntu (-19)

Lidertza eskuratzeko aukera

Bigarren jardunaldiko bigarren partida etzi jokatuko dute Ezkurdiak eta Ladis Galartzak, Altuna III.aren eta Mariezkurrenaren aurka, Bergaran, 17:30ean hasiko den jaialdian. Igandean, Bilbon, Urrutikoetxeak eta Imazek, Artola eta Aranguren izango dituzte aurkari, 17:00etan hasiko den partidaren atzetik. Azkenik, astelehenean izango da laugarren eta azken partida, Zallan, 22:30ean, Jaka-Martija eta Elezkano II.a-Zabaleta bikoteen artekoa.

Eskualdeko pilotarien artean, Altuna da lidertza eskuratzeko aukerak dituen bakarra. Artola eta Jaka, berriz, gerora izugarri eskertuko luketen lehen puntua eskuratzen saiatuko dira, pilotari guztiek aitortzen dutenez, ezinbestekoa baita txapelketari garaipenekin ekitea.

Erasunek bai, Elizegik ez

Lehen Mailako Txapelketarekin batera, urte berri egunean hasi zen Promozio Mailakoa ere. Lehen jardunaldiko estreinako partidan jokatu zuen Iker Elizegi asteasuarrak. Partida hura izan zen bere debuta txapelketa batean, duela hilabete batzuk jokatu baitzuen lehen partida profesional gisa. Txapelketako lehen partidan, baina, ezin izan zuen garaipena eskuratu. Asier Arteagarekin bikotea osatuz, 22 eta 17 galdu zuten Larrazabal eta Eskirozen aurka.

Bestalde, lehen jardunaldiko azken partidan, Covid-19an positibo eman berri duen Uriondoren lekua hartu zuen Jon Erasunek. Ezin hobeto aritu zen ordezko moduan atzelari zizurkildarra, eta Iraitz Zubizarretarekin batera, 22 eta 12 irabazi zieten Alberdiri eta Salaverriri.

Sailkapena:

  1. Salaberria-O. Etxeberria: puntu 1 (+14)
  2. Zubizarreta III.a-Uriondo: puntu 1 (+10)
  3. Zabala-Erostarbe: puntu 1 (+6)
  4. Larrazabal-Eskiroz: puntu 1 (+5)
  5. Elordi-Garmendia: puntu 1 (+3)
  6. Arteaga II.a-Elizegi: 0 puntu (-5)
  7. Alberdi-Salaverri II.a: 0 puntu (-10)
  8. Egiguren V.a-Ruiz: 0 puntu (-23)

Atzo hasi zen Promozio Txapelketako bigarren jardunaldia. Elordik eta Garmendiak 22 eta 13 irabazi zieten Egiguren V.ari eta Ruizi. Oraingoan ere, Uriondo ordezkatuko du Erasunek. Larunbatean jokatuko du Bergaran, Zubizarreta III.arekin bikotea osatuz, Larrazabal-Eskiroz bikotearen aurka. Jaialdiko hirugarren partida izango da. Astelehenean, berriz, Arteaga-Elizegi bikoteak Alberdi-Salaverri II.a bikotearen aurka jokatuko du, Zailan, Lehen Mailako Txapelketako partidaren ondoren. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!