Sare-k argitu du Hego Euskal Herrian 220 herri baino gehiago izango direla milaka gizon eta emakume hartuko dituztenak, “euskal presoen eskubideak funtsean urratzen dituen espetxe politika hau amaitzeko lanean jarraitzeko prest daudenak”.
Urtea itxaropenetik hasi nahi dutela esan du Sare-k eta espetxe-politikan "zerbait mugitzen" den arren, pauso gehiago eman behar direla uste du. "Gerturatze batzuk gertatzen ari dira, eta hori lasaigarri bat da familia batzuentzat, preso dauden senideak bisitatzeko urteetan zehar egiten ari diren distantzia luzeak murrizten baitituzte". Hala ere, bide luzea egiteko dagoela esan du eta horregatik dela garrantzitsua jendea kalera ateratzea."Espainiako espetxeetan dauden 163 presoetatik, % 29 batez beste 600/1.100 km-ra daude, eta % 20 400/590 km-ra. Eta % 38 100/390 km artean. Eta 25 preso baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan", azaldu du.
Horiek horrela, hasi berri den urtea "konponbiderako" urtea izan behar duela esan dute eta hiru helburu dituela argitu; preso guztiak eta erbesteratuak Euskal Herrira ekartzea, graduen progresioa preso guztientzat eta gaixotasun larriak dituztenak aske uztea. "Urtarrilaren 9an, berriz ere, Espainiako eta Frantziako gobernuei mugitzeko eskatuko diegu. Egiten ari diren urrats herabeak azkarrago egin daitezela esateko. Egoera honekin amaitu behar dela, bi arrazoirengatik: legeak baimentzen duelako eta gizatasun hutsagatik".
Eskualdeko mobilizazioak:
- Alegia: 17:30ean zubi zaharretik zubi berrira.
- Altzo: 17:30ean plazan.
- Amezketa: 16:30ean udaletxeko plazan.
- Anoeta: 17:30ean plazan.
- Berastegi: 17:30ean plazan.
- Bidania-Goiatz: 17:30ean Bidaniko frontoi parean.
- Gaztelu: 12:30ean plazan.
- Ibarra: 17:30ean plazan, jarraian plaza elkartasunez betetzeko erronka.
- Ikaztegieta: 17:30ean zubian.
- Irura: 17:30ean San Miguel plazan.
- Leaburu-Txarama: 16:30ean plazan.
- Lizartza: 17:30ean plazatik kalejira eta 18:00etan ekitaldia.
- Orexa: 17:30ean plazan.
- Tolosa: 17:30ean, Zubiberria, Nafarzubia eta Zumalakarregin giza katea.
- Villabona-Zizurkil: 17:00etan Zizurkilgo Joxe Arregi plazan.