Urtekaria 2020

Urte berriari begira

Ataria 2020ko abe. 30a, 08:00

Azken hilabeteek eman dutena biltzen saiatu da TOLOSALDEKO ATARIA ondorengo orrietan. Ez da lan erraza izan, azken urtean lan egitea lan nekeza izan den bezala. ATARIA-ren leloak dioen bezala, Egiten duzuna gara, baina COVID-19ak ez die herritarrei nahi beste eta nahi eran egiten utzi, eta horrek guztion lana baldintzatu du. Horrek ez du esan nahi ordea, eskualdea geldi egon denik eta horren berri ematen arituko da eskualdeko komunikabidea.

Martxoaren 12a izan zen mugarri; gaitza gurean zegoela eta guztia hasi zen aldatzen. Harremanak izateko erak aldatu ziren, ekitaldiak burutzeko moduak, komunikatzeko ordura arteko ohiturak... Ekitaldiak bertan behera geratu ziren pixkana, ia desagertzeraino, eta asteak eman genituen etxean. Ez zen erraza izan, ez da erraza izaten ari, baina ari gara martxoaren 12a aurreko egoerara gerturatzen.

Pandemiak bertakoa kontsumitzeko garrantziaz ohartarazi ditu asko, kultura babestu beharraz, ondokoa zaindu behar dela utzi du agerian eta denak elkarrekin, taldean, bidea errazagoa dela erakutsi du.

Martxoa bitarte normaltasuna zen nagusi eta Tolosako Inauteriak egin, egin ziren, orain atzera begiratu eta gezurra dirudien arren. Martxoaren 8ko aldarriak ere COVID-19az salbu geratu ziren, baina ondorengo hilabeteetan ez da trikiti edo dultzaina doinurik egon kaleetan, festa guztiak geratu dira bertan behera.

Martxoaren 8ko aldarriekin batera, pentsiodunen eskaerak entzun dira ozen. Itxialdian bakarrik utzi zioten biltzeari eta behin bukatuta lehenengoak izan ziren kaleak hartzen. Ospitale publikoaren aferak ere aurrera egin du eta Asuncion klinikan egon diren gorabeherek eskualdea mobilizatu dute; pandemia betean herritar ugari bildu zen Tolosan, ospitale publikoa eskatzeko.

Memoria historikoari lotutako albisteak ere izan dira nagusi eta 36ko gerra eta frankismoaren lehen aroari lotutako testigantzak gordetzeko lanean hasi dira Amezketan eta Altzon, iaz Alegian egin bezala.

Ez dira horiek urte honek utzi dituen albiste bakarrak. Euskaraldia ere izan da. Bigarren ariketa sozialak aho zapore ona utzi du eskualdean eta zailtasunak zailtasun herritar askok egin dute bat ekimenarekin. Ezin gara erlaxatu, ehun urtean lehen aldiz, gaztelania baino euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan, baina lanean jarraitu behar da.

Haizea ere izan zen albiste, Orendainen kultur etxeko teilatua eraman zuen eta eskualdean kalte asko eragin zituen urriko denboraleak. Eta nola ahaztu pilotazaleen festarekin; buruz buruko finalean eskualdeko Jaka eta Altuna pilotari handiekin gozatu ahal izan genuen, eta berriz ere lau eta erdikoan.

COVID-19ak ez du mundua guztiz gelditu, ohiko abiadura moteldu du, egia da hori, eta horri etekina ateratzeko eta ikasteko baliatu beharko dugu. Urte berri on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!