Koronabirusa

Uzturre zentroko egoiliar guztiak txertatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 30a, 09:27

Tolosako Uzturre adinekoen zentroko 112 egoiliarrak txertatu dituzte gaur. 08:10ean iritsi dira dosiak eta 09:00etan hasi dira guztiak txertatzen. 58 langile ere txertatu dituzte.

Egun pozgarria dela esan dute Uzturre zentroko Alvaro Martinez zuzendariak eta Arantxa Urruzola ESI Tolosaldeako Erizaintza arduradunak. 08:10ean iritsi dira COVID-19ari aurre egiteko 170 txertoak eta 09:00etarako hasi dira txertatzen egoiliar eta langileak. Alvaro Martinezek esan duenez 114 plaza ditu zentroak eta une honetan 112 egoiliar daude; guztiek hartu dute txertoa. "Egoiliar eta langile guztiak txertatuko dituzte lehen txanda honetan. 170 txerto jaso ditugu eta egoiliar guztiak txertatuko ditugu. Aste honetan lanean dauden langile guztiak eta zerbitzu komunetakoak txertatuko dira ere, 58 guztira. Kopurutik harago nik egoiliarren %100ak txertoa hartzearen alde egin duela nabarmenduko nuke. Gure  adinekoen erantzukizun ariketa bat izan da”, gaineratu du. “Itxaropen askorekin hartu dute txertoa jasotzearen berria, ez da guzti honen bukaera, bukaeraren hasiera besterik ez da,  bigarren dosia falta baita, baina oso momentu erabakigarria da”, jarraitu du.

Martxotik hona zentroan bizi izan duten egoera gogorra izan dela esan du Uzturreko zuzendariak: “Hilabete asko izan dira konfinatuta, bisitak murriztuta, familiarekin ezin bildu... eta gauzak ahal bezain ondo egin ditugu. Hemen ez dugu kasurik izan, dena den, ez egoiliarren artean eta ezta langileen artean ere”. 101 urte dituen egoiliar bat izan da zentroan txertatu duten pertsonarik zaharrena.

 

Arantxa Urruzola erizainak bere aldetik, langileen artean ere gehienek txertoa hartzearen alde egin dutela esan du: “%97ak egin du txertoa hartzearen alde"."170 lagun txertatuko ditugu gaur, eta txertoa iritsi ahala joango gara dena lotzen", gaineratu du.  Txertoa emateko Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 100 erizain prestatu direla esan du eta erizain horiek euren lankideak prestatuko dituztela azaldu, "batetik bestera joango den talde bat dago txertoa jartzen joateko, baina gerora talde finkoak egongo dira osasun zentro bakoitzean". COVID-19ari aurre egiteko txertoa segurtasun neurriak jarraituta eman behar dela esan du, baina gainontzean beste edozein txerto bezalakoa dela, "albo ondorio oso arinak ditu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!