Kontseilu Sozialista Tolosaldea antolakunde politikoa sortu dute

Ataria 2020ko abenduaren 30a

Langileriaren interesen alde jarduten duen antolakuntza politiko sendo baten gabeziaz jabetuta, norabide horretan urrats berri gisa aurkeztu dute antolakuntza komunista indartu asmoz sortutako mugimendua.

Antolakunde berritik adierazi dutenez, 2008ko krisitik "burua altxa ezinda" omen zegoen ekonomia kapitalista, "gainbeheran", eta horrekin batera, baita langile klasearen bizi kalitatea ere. "Joera hori azkartu du birusak, eta jakina, gu izan gara ondorioak gehien sufritu ditugunak, alderdi politikoen neurri partidista eta interesatuak sufritu ditugun berberak".

Kontseilu sozialistako kideen ustez, langileen bizi kalitatearen kaskartzeak "okerrera" egingo du, euren interesen arabera ekiten duen antolakuntza politiko sendo baten gabezia dagoen bitartean. "Langileon bizi kalitatearen defentsa eraginkorra estatuarengandik, kapitalistengandik eta horiek menpekoak diren alderdi politiko eta sindikatuengandik, autonomiaz eta forma burujabean jarduten duen antolakuntza indartzean oinarritzen da, antolakuntza komunista indartzean, alegia".

Aurkeztu berri duten mugimendua antolakuntza komunistaren norabidean "aurrerapauso garrantzitsua" dela nabarmentzen dute, "bide-orri hori indartzeko lanean ari den eta Tolosaldean eragitea xede duen antolakunde politikoa baita". Langile klasearen indarrak metatzeko tresnak sortzea eta indartzea izango du helburu antolakundeak, bizi baldintzen defentsa geroz eta eraginkorragoa egin ahal izateko. "Horretarako, hainbat lan-lerro eta antolakuntza modu jarri ditugu martxan", azaltzen dute.

Belaunaldi aldaketak eta klase batasuna

Oraingoz behintzat, kontseiluaren bi ezaugarri azpimarratu nahi dituzte. Batetik, belaunaldi arteko antolakundea dela. "Langileriaren belaunaldi guztiak kolpatzen ari da krisia, modu ezberdinetan bada ere, eta horregatik, gazte eta helduen arteko elkarlana sustatzea beharrezkoa dela deritzogu".

Bestetik, berriz, klase batasunaren printzipioaren arabera antolatzen direla. "Esparru ezberdinetako borroken lankidetzan eta batasunean sinisten dugu, norabide berean antolatuta indartsuagoak garela uste dugulako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!