Urtekaria 2020

Gertatutakoaren «erradiografia»

Ataria 2021ko urt. 4a, 07:59

Altzon eta Amezketan 36ko gerra eta lehen frankismoaren inguruko ekarpenak ari dira jasotzen; Amasa-Villabonan 1960tik indarkeria politikoak eragindako urraketetan jarri dute azpimarra; eta Tolosan presoen sakabanaketak eragindako heriotzak aitortu dituzte.

36ko gerraren eta lehen frankismoaren «erradiografia» egiteko urratsak eman ditu Aranzadi Elkarteak azken urtean, Altzon eta Amezketan. Egia, justizia eta erreparazioa printzipioekin konpromiso irmoa dute aipatu udalek, eta beraz, Espainiako gerran eta lehen frankismoan, 1936tik 1945era, herrietan gertatutakoen inguruan ikerketa sakon bat egiteko proiektua jarri du martxan 2020an.

Karmen Murua Altzoko zinegotziak aipatu zuenez, «oroimenaren erradiografia zabala» egin nahi dute. «Puzzlearen zati bakoitza, handia nahiz txikia, bere tokian jarri behar dugu». Udalaren ustez, herritarrek zer gertatu zen jakiteko eskubidea dute, errepresioa nola gauzatu zen, nork eta zergatik jasan zuten jakiteko eskubidea. «Euskaltzale izateagatik? Beste pentsamolde batekoa izateagatik? Galdera hauen erantzunak argitu nahi dira. Urte horietan hemengo bizimodua, frankismoa zer zen argi eta garbi azalduz, eskubide urraketa horiek jasan zituztenei egia aitortuz, justizia eginez, sufritutako minaren ordaina emanez», esan zuen Muruak.

Amezketan ere gauza bera ari dira egiten. 36ko gerran eta lehen frankismoan, Amezketan gertatutakoaren inguruan, ikerketa «sakona» egiten ari direla esan zuen Iñaki Arandia zinegotziak. Aurrez Joxe Mari Otermin herritarrak egindako lan «itzela» goraipatu zuten, era berean.

Indarkeria politikoa

Amasa-Villabonan 1960tik gaur egunera arte indarkeria politikoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa da egiten ari direna, Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez. Eta horretarako herritarren bizipenetara hurbildu nahi izan dute, herritarren testigantzak jasotzen aritu dira. Udalean dauden alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa duen ikerketa hori garatzea. 2016an sortu zen Memoria eta Bizikidetza Batzordea Amasa Villabonako Udalaren barruan, eta azken urteetan, udalak modu adostuan Euskal Herriko gatazka politikoaren barruan terrorismoak, motibazio politikoko indarkeriak eta gehiegikeria polizialek eragindako biktima guztiak aitortu izan dituztela esan zuen Unzue alkateak. Eta azken pausoa izan da herritarren bizipenak jasotzea: «Gure herrian izandako giza eskubideen urraketak ezagutu, argitaratu, aitortu eta ahal den neurrian erreparatzea eta herrian elkarbizitza demokratikoa normalizatzea dugu helburu».

Memoriaren Egunean eman zuen Amasa-Villabonako Udalak ikerketa horren berri, eta egun berean pauso garrantzitsua eman zen Tolosan. Udaleko alderdi politiko guztiek bat egin zuten, lehen aldiz, Memoriaren Egunarekin eta aipamen berezia egin zieten Tolosako presoak bisitatzera zihoazela, auto istripuz hildako hiru senitartekori. Euskal Herrian 16 pertsonek bizia galdu dute errepidean, tartean, Tolosako hiru herritarrek: Rosa Amezaga, Arantza Amezaga eta Leo Esteban, eta hiru herritar horiek izan zituzten gogoan.

Joxe Mari Villanueva (PSE-EE) eta Andu Martinez de Rituerto (EH Bildu) zinegotziak izan ziren Peonekin (EAJ-PNV) batera. Gizarteak azken urteetan jasandako indarkeriaren eta heriotzaren historia ezagutzeko nahiz ez ahazteko eskatu zieten tolosar guztiei, eta batez ere, belaunaldi berriei. «Gure gertuko historiaren egutegian, gaurkoa da motibazio politikozko indarkeriak eragindako heriotzarik gertatu ez den egun gutxietako bat».

Lehen gudariaren heriotza

Mikel Alberdi, eraildako lehen gudaria, non hil zuten argitu da 2020an. Albizturren hil zuten eta ez Bidanian, orain arte uste zen moduan. Karlos Almorza Historian doktorea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria izan da ikerketa lana egin duena. Azken urteotan, lantalde batekin, Saseta Defentsa Sistema ikertzen aritu da eta lanak aurrera egin eta ikerketaren azken aurkikuntza izan zen hori.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!