Asuncion klinikaren aferak ez du etenik. Urteak dira albiste izaten dela. Azken urtean ordea, bira berri bat eman du gaiak eta jada alderdi politiko guztiek eskatzen dute eskualderako ospitale publikoa. EAJ alderdiak Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen bezperan iragarri zuen «Tolosan, anbulatorioko espezialitate mediku eta kirurgia guztiak har ditzakeen ospitale berria eraikitzea» aurreikusten zutela, «izaera publikoa izango duena». Azaroan ideia hori berretsi zuen alderdiak eta Tolosako udal gobernuak «lasaitasun mezua» helarazi nahi izan zuen, izan ere pandemia betean, urriaren 6an, agerraldi bat atzeman zuten ospitalean eta alarma guztiak piztu zituen, klinikaren ohiko jarduna urriaren 19ra arte ez baitzen iritsi.
Agerraldiaren harira eskainitako lasaitasun mezuarekin batera ospitale publikoaren aldeko konpromisoa berresten zuela esan zuen Olatz Peon Tolosako alkateak. Aurretik esana zuen kudeaketa publikoa izango duen ospitalea egitearen alde zegoela eta orduan iragarri zuen udala jada hasia zela ospitalerako kokapenak aztertzen «eta bilera bat egingo dugu laster honen harira Osasun sailarekin Eusko Jaurlaritzak ospitale publiko hori egin dezan bide orria zehazteko», esan zuen. Asuncioneko agerraldia ez zuen kudeaketa ereduarekin lotu, dena den.
Testuinguru horretan kokatu behar da Tolosako kaleak jendez bete zituen manifestazioa. Pandemia betean egin zen eskualderako ospitale publikoa eskatzeko manifestazioa, urriaren 17an izan zen hori, eta bezperakoak ziren Olatz Peonen hitzak. Tolosalderako osasun zerbitzu publikoa aldarrikatu zuten 2.100 bat herritarrek Tolosako kaleetan. «Osasun publikoa da pertsonak erdigunean jarri eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko berme bakarra», esan zuten. Agerraldia Tolosaldeko herritarren erreferentziazko ospitalean gertatu izana salatu zuten eta nabarmendu ez zela beste inongo ospitaletan gertatu. «Gaur inoiz baino ozenago diogu: Asuncion klinikaren itxiera Tolosaldeko osasun zerbitzu eskasaren ondorio da. Administrazio publikoak Asuncion klinikarekiko duen esku hartze eta kontrol ezaren ondorio».
Osakidetzak bizi duen egoera urteetako murrizketen ondorio dela esan zuten eta pandemiak hori azaleratu zuela, «baina gurean egoera hori are eta lazgarriagoa da, Tolosaldean beste inon baino gehiago jolastu delako osasun zerbitzuaren pribatizazioarekin». Nahikoa dela esateko ordua dela esan zuten eta %100ean publikoa izango den ospitalea eskatu zuten, «dagokion zerbitzu eta pertsonal ratioak izango dituena».
Tolosako alkatearen azken adierazpenen inguruan esan zuten «lehen bataila irabazi dugu, jada guztiok onartzen dugu, ospitale baten beharra». «Hau, guztion lanari esker izan da, TOPAk urteetan eginiko lanari esker. Argi dago borrokak fruituak ematen dituela», gaineratu zuten.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformaren beste eskaera bat ere ekarri zuten gogora: «Espezialitateez hornitutako anbulatorioak nahi ditugu».
Kokapenak
Kokapenei buruz argibide gehiago ere eman zituen Tolosako Udalak. Esan zuen arkitekto estudio batekin batera ari dela aztertzen ospitalerako kokalekuak. Azterketa bi fasetan egingo dute; lehenik 12 kokaleku aztertu eta alderatuko dituzte eta ondoren, bizpahiru leku aukeratuko dituzte eta horien azterketa sakona egingo dute. Santa Lutzia auzoko lau lur zati, San Blas auzoa, Apatta industrialdeko bi lur zati, Usabal industrialdea, Olarrain auzoa, Iurramendi pasealekua, San Esteban auzoa edo Monteskue auzoa dira kokaleku posibleak.
Kokapenari lotuta eta eskualdeko osasun publikoaren egoerak kezkatuta kokaleku zehatz baten alde egin zuten eskualdeko 23 alkatek: ospitale publikoa eraikitzeko leku posible bezala Apattako bigarren fasea proposatu zuten. Tolosaldeak 28 herri dituen arren, Tolosaldeko osasun eremua 31 herrik osatzen dute; hortaz, 31 horietatik 25ek sinatu zuten. Osasun eskualdeari dagokionean, Abaltzisketa, Belauntza, Berrobi, Larraul, Tolosa eta Andoaingo alkateak izan ziren akordioa sinatu ez zutenak. Kokalekuarekin batera Osasun Mahaia osatzeko beharraz ohartarazi zuten, eta Tolosako alkateari bertan parte hartzeko eskatu. Alkateek argi utzi zuten, ordea, Apattakoa proposamena baino ez zela: «Erabakiak guztion artean adostuak izan behar dute, eta benetako erabakigunea Tolosaldeko Osasun Mahaiak izan behar du».
Auzibideak
Kokaleku eta elkarrizketez harago, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiaren auzia izan zen albiste martxoan. Fiskaltzak homologatu gabeko medikuak aritzen direla Asuncionen, eta horren inguruko ikerketa ireki zuen, baina ekainean auzia artxibatu zuen. Fiskaltzaren esanetan, ikerketa ondoren ez zen behar bezala justifikaturik geratu delitu baten gauzatzea. Homologatu gabeko medikuen intrusismo delitua ikertu zuen fiskaltzak. Euskadiko Fiskaltzarekin Asuncion klinikako bi langile ohi elkartu zirenean hasi ziren eskualdeko ospitalea ikertzen.
Amarotzen Botikina eskatzeko mobilizazioak egin dituzte
Tolosako Amarotz auzoan farmaziarik gabe geratu dira aurten eta horren ordez botikina jarri dezatela ari dira eskatzen. Era askotako mobilizazioak egin dituzte; manifestazioak, kotxe karabanak, agerraldiak... Hamabost egunean behin, modu ezberdineko aldarrikapenekin eskatu dute botikina beharrezkoa dutela auzoan. «Garrantzitsuena lortutako auzolana da, guztiok bat egin dugu helburu finko batekin: botikina lortzea, bai ala bai. Hori izan da mugitu gaituen leloa, berandu baino lehen botikina Amarotzen izango dela». Amarotz auzoko biztanleen %34 adinekoa dela gogoratu izan dute eta kilometroak egin behar dituztela gertuen dagoen farmaziara joateko. Auzotarrak Berazubi auzora joan behar dira farmaziara joateko. «Jaurlaritzak emandako ezezkoa distantzian soilik oinarritzen da, eta gure ustez hori ez da balizko argudioa. Dekretu baten arabera, distantzia neurriak bete ez arren, auzoan baldintza bereziak badira, posible da botikin bat zabaltzea», esan izan dute.