Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeak izan ziren uztailean. %43,91ko abstentzioa izan zen Tolosaldean eta alderdi nagusienen artean, EH Bildu eta PSE-EEk egin zuten gora. EAJ, Elkarrekin-Podemos eta PP-Ciudadanos koalizioak behera egin zuten.
Bozka ematera joan zen herritarren ia erdiak EH Bilduren alde bozkatu zuen, hau da, %47,59ak. Horri esker, 28 herrietatik 26tan lehen indarra da koalizio abertzalea. Abaltzisketan eta Albizturren bigarren geratu zen, EAJren atzetik. Boto kopuruen atalean, duela lau urte baino 386 boto gehiago lortu zituen EH Bilduk, 9.623. PSE-EE izan zen gora egin zuen beste alderdia, 104 boto gehiagorekin. EAJk 731 galdu zituen, baina beherakada handiena Elkarrekin-Podemosek jasan zuen 1.784 boto gutxiagorekin.
Hauteskundeak ere COVID-19ak baldintzatuta egin ziren. Uztailaren 12an egin ziren, baina apirilaren 5ean ziren egitekoak. Martxoaren 11n Iñigo Urkullu lehendakariak Jaurlaritzako hauteskundeak mantentzea edo ez legalki aztertzen ari zela jakinarazi zuen, koronabirusaren agerraldiak Euskal Herrian izandako hedapena zela eta. Martxoaren 16an erabaki zuten alderdi guztiek hauteskundeak atzeratzea. Azkenean uztailean egin ziren segurtasun neurriak hartuta.
Hauteskundeen ondotik, izendapenen ordua iritsi zen, EH Bildutik Mikel Otero anoetarra eta Ibai Iriarte tolosarra izendatu zituzten legebiltzarkide, eta EAJko Bakartxo Tejeria larrauldarra aukeratu zuten, hirugarren aldiz jarraian, Eusko Legebiltzarreko presidente. Izendapenen artean garrantzia handia hartu zuen Jokin Bildarratz tolosarrak. Izan ere, Hezkuntza sailburu izendatu zuten. Senatari izateari utzi eta irailaren 8an hartu zuen kargua.
Presoak
Euskal presoei lotuta plazak bete dira azken urtean euren etxeratzea eskatuz Sare-ren Izan Bidea ekimenari esker. Irailean mendi tontorretatik euskal presoen aldeko ekimena ziren egitekoak, baina eguraldia zela eta, plazetan egin zituzten elkarretaratzeak. Berririk ere izan da: Espainiako Auzitegi Nazionalak 52 urteko espetxe zigorra jarri zion Villabonako Iñigo Guridi Lasa euskal presoari, Emilio Salaberria billabonatarra Dueñastik Donostiako Martuteneko kartzelara ekarri eta hirugarren gradua eman zioten, eta Andoni Otegi Almeriako espetxetik Logroñokora lekualdatu zuten.