Zabor ugari Oria ibaian
Oria ibaira zabor ugari botatzen dela, eta Tolosako Udalak ez dituela «hori ekiditeko neurriak hartzen ezta garbitzen ere» salatu zuen Eguzki talde ekologistak. Tolosako Armeria plazan, burdin-zubiaren inguruan, zegoen zaborrak piztu zituen alarmak. Zaborrak ibaira botatzea erabat debekatuta dagoela gogoratu zuten.
Kezka sortu du gaikako bilketaren bilakaerak
2020ko urtarriletik urrira gaikako bilketa %7,8an murriztu da Amasa-Villabonan. Beheranzko joera hau gelditzeko herritarren hezkuntzan arreta jartzea erabaki zuen udalak. Anoetan ere kezkatuta daude; abendura bitarteko datuak aztertuko dituzte eta tasak %74tik behera jarraitzen badu, errefusa atez ate biltzera bueltatuko dira. Zizurkilen uztailean adierazi zuten kezka. 2020ko lehen hiru hilabeteetan birziklatze tasa %70etik gorakoa zen, baina apirilean %62ra eta maiatzean %60ra jaitsi zen datua. «Kutsatzea ez da eskubidea, ingurune garbian bizitzea bai, ordea», esan zuen udalak orduan. Egoera ikusita hezitzaile bat kontratatu dute hondakinen kudeaketa onaren inguruko kontzientziazio lana egiteko eta herritarren iradokizunak jasotzeko.
Jangeletan xahutzen denari probetxua eman nahian
Urtean, 27 tona elikagai xahutzen dira eskualdeko hamabost ikastetxetako hamahiru jangeletan; hori da hondakin organikoaren kudeaketari buruzko ikerketaren ondorioetako bat. Problematika horren inguruko analisi sakona egin zuten Tolosaldea Garatzenek sustatutako proiektuan.
Tolosako landa eremura gerturatzeko plana
Landa eremu zabal eta aberatsa du Tolosak. Horregatik, landa auzoen etorkizuna bermatu eta horiek bizirauteko azterketa egitea erabaki zuen Tolosako Udalak eta Bedaion hasiko dira. Auzotarren ekarpenak biltzen hasiak dira jada.