Bi mila eta hogeia. Ezbairik gabe historiara pasako den urtea. Martxoa bitartean gure bizitzetan ezezagunak ziren hitzak eguneroko ogia bihurtuko ziren: COVID-19a, osasun larrialdia, neurri murriztaileak, PCRak, txertoa, konfinamendua, deseskalatzea, maskarak, gel hidroalkoholikoa, segurtasun neurriak...
Otsailean Txinara begira jarri ginen, Wuhanera, hain zuzen ere. Handik iritsi ziren koronabirusari buruzko lehen lerroburuak, baina Tolosaldetik oso urrun ikusten zen, gurera inola ere iritsiko ez zena. ATARIA-k hala ere, Txinan egoera nondik nora bizitzen ari ziren ezagutu nahi eta Ane Aierbe tolosarra elkarrizketatu zuen: «Prebentzio neurri guztiak betetzen ari dira txinatarrak». Gutxira ordea, egoera erabat aldatu zen Euskal Herrian. Martxoaren 12an, jakinarazi baitzen gaitza gurean zegoela eta hamabost egunetarako ikastetxe guztiak ixteko agindua eman zuen Jaurlaritzak.
Ikastetxeak itxita, umeak etxera eta pandemiak agerian utziko zuen lerroetako bat agerian, lehen momentutik: kontziliazio eza. Oso urrun ikusten zen telelanaren eredua, une batetik bestera, ezarri behar izan zen enpresa askotan: lan jarduna, etxetik.
Martxoaren 12an bertan, errenkadan iritsi ziren ekitaldiak bertan behera uzteko deiak. Gerora, nahi baino ohikoagoan bihurtu zen Bertan Behera esapidea. 14ean horrela zioen Atariak: «Ostalaritza jarduerak bertan behera uzteko erabakia hartu du Jaurlaritzak».
ATARIA-ko jardunean lehen momentutik eragina izan zuen pandemiak. Lantaldeko hainbat kide, gomendioei jarraika, etxetik lanean hasi ziren martxoaren 13an bertan. Webgunearen etengabeko informazioari eta papereko emariari eutsi egin zion eskualdeko komunikabideak. Irrati uhinek ordea etena izan zuten.
Alarma egoera ezarrita, etxean giltzapetuta
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak martxoaren 13an iragarri zuen alarma egoera, eta hurrengo egunean taxutu zuten alarma egoera hori arautuko zuen dekretua. Honela, biztanleek mugatua izango zuten mugimendu askatasuna, ezinbestekoak baino ez ziren joan-etorrietarako.
Lehen histeria momentuak iritsiko ziren orduan supermerkatuetako ateetan. Hainbat produktu apaletatik faltan, erosleen karroak gainezka eta hornitzaileen lasaitasunerako mezuak. Esaterako, Villabonako farmaziako Juana Mari Sanchezek horrela eman zuen aditzera martxoaren 16an: «Gure bezeroei esaten diegu ez dela sendagaien hornikuntzarik faltako».
Etxean konfinatuta egonda, herritarrak konektatzeko, kultura sustatzeko edota kirol proposamenak zabaltzeko ekimenak hedatu ziren. Adibide bat baino ez da ibartarrentzat etxean jarduera fisikoa sustatzeko sortu zen plataforma.
Hezkuntza komunitatearentzat erronka
Eskola jarduera presentzialak bertan behera geratzearekin, egoera berrira egokitzen joan behar izan ziren eskualdeko ikastetxeak. Hasiera batean, martxoaren 30a bitarteko neurria izango zena, luzatzen eta luzatzen joan zen. Irakasle eta ikasleak plataforma digitalera ohitzen joan behar izan ziren.
Elkartasun keinuak hedatuz
Pandemiak zerbait positiboa ekarri badu, ezbairik gabe, boluntario sareak izan dira. Konfinamendua hasi eta lehen momentutik, adinekoei erosketak egin edota zaintza lanak egiteko prest zeuden boluntario taldeak antolatu ziren eskualdean barrena, herriz herri. Esaterako, Tolosaren kasuan, martxoaren 17an jada, 135 pertsonako taldea osaturik zuten.
Administrazioek ere euren zerbitzuak sekula ez bezala zabaldu behar izan zituzten. Adibidez, Tolosako Udalak bakarrik bizi ziren 70 urtetik gorakoei telefono deiak egin zizkien, euren egoera ezagutzeko. Apirilaren 9ko datua da 1.272 dei egin izana.
Adinekoen egoitzak
Martxoaren 19ko albistea zen Tolosako Iurreamendi zahar egoitzan PCRan lehen positiboak antzeman zituztela. Orduan hasi zen Jaurlaritza herriz herri PCR probetako positibo kopuruen emaitzak zabaltzen. Euskal Herrian 1.679 gaixok eman zuten orduan positibo koronabirusaren proba eginda, eta eskualdeari erreparatuta 21eko datuarekin abiatu zen kontadorea.
Martxoaren 20an, koronabirusagatik heriotza baten berri eman zen eskualdean, Amezketako Udalak horrela konfirmatu zuen.
Iurreamendi egoitzak albisteak ematen jarraitu zuen martxoan zehar. 24ko albistea zen Iurreamendi egoitzako 15 langilek positibo eman zutela, ELA sindikatuak jakinarazita. Martxoaren 31an Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen zortzi pertsona hil zirela Gipuzkoako bost egoitzatan, tartean Iurreamendin. Apirilaren 2an Iurreamendin koronabirusagatik bost zirela bertako hildakoak. Apirilaren 4an Iurreamendiko zortzigarren hildakoaren berri iritsi zen, Aldundiaren datuei erreparatuta. Hamarrera iritsi zen hildakoen zifra apirilaren 6an.
Zahar egoitzen auziari lotuta apirilaren 13an ELAk jakinarazi zuen GFA eta hiru zahar etxe auzitara eramango zituela, tartean Tolosako Iurreamendi egoitza. Langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzea egotzi zieten. Egun horretan Iurreamendik jakinarazi zuen bertako langile eta egoiliarrei PCR proba eta test azkarrak egingo zizkietela.
Nazioartetik laguntza eskaera
Martxoaren 19an, Maddi Amiano altzotarrak ATARIA-ra jo zuen laguntza eske, Indonesiako eskola batean irakasle lanetan ari zela, ezin etxera bueltatuta zegoen, eta enbaxadari laguntza eskatzen zion. Martxoaren 15ean, euren herrialdeetara «ahalik eta azkarren» itzultzeko agindua jaso baitzuten. Azkenik, Amianok martxoaren 23an etxeratzea lortu zuen.
Desinfekzio lanak
Kaleak hutsik eta espazio publikoak desinfektatzeko irudiak garai honetakoak dira. Martxoaren 26an, esaterako, Tolosako Udalak kale garbiketa zerbitzua indartu eta anbulatorio eta saltoki inguruak produktu desinfektatzaileekin garbitzera ekin zion. Beste adibide bat Amasa-Villabonakoa izan zen, udal brigada kale garbiketa eta desinfekzioan aritu zen 28an.
Etenda funtsezkoak ez diren jarduerak
Martxoaren 28an jakinarazi zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak funtsezkoa ez zen jarduera oro etengo zuela. Neurria martxoaren 30ean indarrean jarri eta apirilaren 9ra bitarte luzatzea zen lehen asmoa. Enpresei bi egun utzi zitzaizkien egokitzeko.
Bertakoa, beste era batera
Azokak bertan behera bai? Baimendu bai? Polemikak izan ziren hasieratik. Azken batean, supermerkatu handiek bezainbesteko eskubidea zuten jarduerarako txikiek. Lanerako modu berriak ere egokitu behar izan zituzten. Esaterako, apirilaren 1eko albistea da Tolosako Azokako produktuak etxeraino banatzearena: Azoka zure etxera izena hartu zuen ekimenak.
Denda txikietatik albiste baikorrak ere iristen hasi ziren. Alegiako Aikur natur dendako Maider Elorzak jakitera ematen zuen bere dendan salmentak gora egin zuela, jendea herrian erosten hasi zelako.
Apirilaren 8an berriro baserritarren sindikatuak haserre azaldu ziren, Eusko Jaurlaritzak azokak debekatu zituelako: «Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza da beste oztopo bat jartzeko tema hori». Apirilaren 10ean azokak berriz irekitzeko eskatu zuten 61 eragilek. Amasa-Villabonak azoka mantentzearen aldeko apustua egin zuen apirilaren 11n. Apirilaren 14an, Tolosako Udalak erabaki berdinaren alde azaldu zen. Honela, apirilaren 18an, Tolosako Azokak kokagune berria izango zuen Zerkausiarekin batera: Beotibar pilotalekua. Maiatzaren 16an, Azoka Berdura plazara eta Euskal Herria plazara itzuli zen. Eta bertako komertzio txikietan erostearen aldeko kanpainak hasiko ziren. Villabonan: Nik herrian erosten dut.
Hamabost egunez hamabost eguneko Espainiako Gobernuaren luzapenak ohikoak egiten hasi zitzaizkien herritarrei. Apirilaren 4an luzapen berri bat iritsi zen, herritarrak 26ra bitarte etxeetan utziko zituena.
Haurren beharrak
Alarma egoera ezarri zenetik hilabetera ahotsak altxatzen hasi ziren haurren eskubideen alde, kalera atera ahal izateko eskaerak luzatuz. Alegian, esaterako, apirilaren 17an, danbor kazeroladara deitu zituzten herritarrak haurrak kalera ateratzeko eskatuz.
Hurrengo konfinamendu luzapena apirilaren 18koa da, alarma egoera maiatzaren 9ra bitarte luzatuz. Haurrak kalera ateratzeko baimena eskuratuko zuten, hilaren 26tik aurrera, babes neurriak hartuta.
Kirola irtenbide
Maiatzaren 2tik aurrera, Espainiako Gobernuak kalean ariketa fisikoa egiteko baimena emango zuen, goizean goiz edo iluntzean. Ordutegi franjak indarrean jarriko ziren orduan. Herrien biztanle kopuruak ere zeresana emango zuen orduan, 5.000 biztanletik gorako herriak izango baitzituzten ordutegi murrizketak. Adinekoek ere, data hori markatuko zuten egutegian, etxetik atera ahal izateko.
Deseskalatzea
Apirilaren 28an Pedro Sanchezek konfinamendutik ateratzeko planaren nondik norakoen berri eman zuen. Faseka zehazturik. Maiatzaren 4an, 0 fasea deiturikoa abiatuko zen. Denda eta negozio txikiek euren ateak zabaltzeko aukera izango zuten.
Maiatzaren 11n, lehen fasera igaroko zen eskualdea. Herritarrek hamar lagunekin elkartzeko aukera izango zuten; saltoki txikiak irekiko zituzten %30eko edukierarekin; udalek azokak egin zitzaketen, salmahaien erdiekin; terrazak ere mahaien erdiekin gehienez; eta hotelak irekiko zituzten.
Luzapenak luzapen, maiatzaren 12an berriro ere, alarma egoeraren luzapen eskariarekin esnatu zen gizartea. Pedro Sanchezen asmoa maiatzaren 24an amaitu beharreko alarma egoera luzatzea zen orduan.
Maiatzaren 18an, probintzia barruko muga desagertuko zen. Ordura arte norberaren udalerria eta mugakidean baino ibiltzeko aukera ez zegoen baina aurrerantzean muga berria Gipuzkoa izango zen.
Maiatzaren 21etik aurrera sei urtetik aurrerako haurrek maskara derrigorrez jantzi beharko zuten kalera irteteko. Eta maiatzaren 25ean berriz, Hego Euskal Herria bigarren fasera igaroko zen. Ekainaren 8an, umeentzako lehen zerbitzuak bueltan, haur eskolek euren ateak ireki baitzituzten berriro, Hego Euskal Herria hirugarren fasean sartzearekin batera. Uztailaren 16tik aurrera maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango zen.
Osasun profesionalen lana eskertuz
Amasa-Villabonako Udalak maiatzaren 12an, Erizainen Nazioarteko Eguna baliatuta, profesional hauen lana eskertzeko erabili nahi izan zuen. «Garai konplikatu hauetan» euren lana goraipatzea ezinbestekotzat jo zuen Beatriz Unzue alkateak.
Udara begirako agenda etenda
Udarari begira lehen Bertan behera-k irakurriko genituen. Udako festen lehertzea bestelako izango zen 2020 honetan. Alkizak ekainaren 1ean jakinarazi zuen festarik ez zela izango. Errenkadan beste guztien jakinarazpenak iritsi ziren: Anoetako Korputs Jairik ez, San Joan jairik ez...
Beste zerbitzu batzuk aldiz gutxinaka normaltasun berrira bueltatuko ziren. Esaterako, ekainaren 15ean Usabalek eta Berazubik bere ateak berriro zabalduko zituzten. Asuncion klinikak maiatzaren 23an ohiko jarduerari ekin zion berriro. Zirkuituak eta protokoloak aldatuz, itzulera «segurtasun osoz» egiteko.
Kultur agendari begira, bueltako lehen hitzorduetako bat Bertsozale elkarteak antolatutako bertso saioa izango zen, ekainaren 8an, segurtasun distantzia mantenduz, 80 pertsonentzako tokia ezarriz.
Laguntza keinuak
Normaltasunera itzultze ezina askorentzat. COVID-19ak ondorio latzak utzi ditu ez bakarrik osasun arloan, baita arlo ekonomikoan ere. Honela, ekaina hasieran elikagai eta oinarrizko produktuen bilketa egin zuten Villabonan beharra dutenei laguntzeko.
Ikasturte amaiera, eskola zapaldu gabe
2019-2020 ikasturteak aio esango zien ikasleei. Ikasturte erdia egin moduan, online bidez izan beharko zen. Martxoaren 13az geroztik eskualdeko haur eta gaztek ez baitzituzten berriro ere ikasgelak zapalduko.
Agerraldi berriak
Askatasuna berreskuratu heinean komunikabideetan koronabirus agerraldiei buruzko albisteak hedatzen hasi ziren. Uztaila hasierako albisteak dira Ordiziako fokuari buruzkoak; hau Tolosalderaino hedatu eta agerraldia aztertzeko batzordean parte hartu zuen Tolosako Udalak. Honela, uztailaren 15ean, Tolosako Beotibar frontoian PCR proba masiboak egiten hasiko ziren Tolosako taberna bateko bezeroei. 300 PCR proba egin zituzten lehen deialdian. Tolosari dagokionez, 0 kasua, Ordiziako proben ondorioz atzeman zela adierazi zuen Nekane Murgak, orduko Osasun sailburuak. Dispositibo berezia jarriko zen orduan martxan Tolosako kutsatzeak komunitarioak ote ziren jakiteko.
Uztailaren 16an bertan, Olatz Peon alkateak jakinarazi zuen kutsatze komunitariorik ez zela Tolosan egon. Beotibarren egindako 200 PCR probetatik positiborik ez zen antzeman. Hala ere, proba masiboak beste egun batez jarraituko zuen. Uztailaren 17ko lerroburua zen honakoa: «Beotibarren egindako 631 probetatik bakarrak eman du positibo». Beotibarko dispositibo berezia bertan behera geratu zen.
Aurrerantzean hala ere, ohikoak bihurtuko ziren taberna-jatetxeen denbora bateko itxierak langileren batek PCR proba batean positibo eman izanak eraginda. Uztailaren 29an Eusko Jaurlaritzaren aginduz neurri murriztatzaileak ezarriko ziren: tabernek 01:30ean itxi beharko zuten eta edukiera neurriak ere hartu beharko ziren ostalaritza guneetan.
Abuztuaren 12an adinekoentzat askatasun apurra iritsi zen. Adineko zentroetatik ateratzeko aukera eman baitzitzaien egoiliarrei.
Abuztuaren 17an osasun larrialdi ezarri zuen berriro ere Eusko Jaurlaritzak. Pertsonen topaketak hamarreko kopurura mugatuko zen orduan.
Ikaztegietan iraila hasieran PCRan positibo emaitzek gora egin zuten. Edonola ere, irailaren 7an, Ikaztegietako Udalak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuen eta boluntario taldea berriro martxan jarri zuen.
Ikasturte berria, ikasgeletara buelta
Abuztuaren 28an ezarri zen haurrek eskolan maskara derrigorrez erabili beharko zutela, LH1etik aurrera.
Sei hilabetez ikasgelak zapaldu gabe egon ondoren bueltarako momentua iritsiko zitzaien. Irailaren 7an gehienak bueltatuko baziren ere, Amezketako Zumadi eskolan astebetez atzeratu behar izan zuten buelta, klaustrokide batek PCR proban positibo eman eta irakaslegoa konfinatuta egon beharragatik. Edonola ere, irailaren 7an, itzulera «lasaia» egin zuten ikasleek eskualdeko ikasgeletara, «motxila bizkarrean eta maskara ahoan». «Behar genuen», ziren ikasle, irakasle eta gurasoek errepikatzen zituzten hitzak.
Asuncioneko agerraldia
Urriaren 6an Asuncion klinikako profesionalen PCR probetako positiboekin esnatu zen eskualdea: «Lau dira Asuncion klinikan positibo eman duten profesionalak». Jarduera «normaltasunez» mantendu eta bisitak mugatzeko erabakia azaldu zuten klinikatik.
Urriaren 9ko albisteak bestelakoak ziren berriz: «Asuncion klinika konfinatu egin dute». Langileen artean positibo ugari antzemanda, bisitak eten eta ospitalizazio berriak Bidasoa ospitalera bideratuko zituzten.
Hurrengo egunean, langileen positibo kopurua ezagutzera eman zen: 22 langile eta bi gaixo. Gauzak honela, osasun zerbitzua eten egin zen Asuncionen. Tolosako Udalak lasaitasun mezua zabaldu bazuen ere, gainontzeko alderdi politikoak argibide eske azaldu ziren eta eskualdeko ospitale publikoaren beharra berriro ere agerian geratu zen. Urriaren 12an Asuncioneko positibo kopuruak handitzen jarraitu zuen: 41 positibo (35 langile eta 6 paziente). Jarduera kirurgikoa etetea erabakiko zen orduan.
Eta bitartean, eskualdeko positibo kopuruak ere gora jarraituko zuen. Adibide bat baino ez da urriaren 13ko datua: asteburuan 89 positibo berri antzemanda. Aurreko asteetan egunez egunekoak zifra bakarrekoak zirela kontuan izanda.
Urriaren 19an Asuncion klinikak ohiko jarduna berreskuratuko zuen. Tartean baina, gizartea kalera aterako zen Asuncioneko konfinamendua zela-eta. 16an, osasun publikoaren aldeko manifestazioaren bezperan, Tolosako Udalak adierazi zuen «laster» bilduko zela Osasun Sailarekin ospitale publikoaz hitz egiteko.
Urriaren 17an, Tolosako kaleetan, antolatzaileen esanetan 2.100 bat pertsona elkartu ziren manifestazioa egin eta eskualderako ospitale publikoa eskatzeko.
Neurri berriak
Kutsatzeak gutxitu ez eta Jaurlaritzak neurri berriak iragarri zituen urriaren 17an. Bigarren olatua deiturikoaren bete-betean, Espainiako Gobernuak, alarma egoera onartu zuen urriaren 25ean, sei hilabeterako luzatzeko asmoz. Etxeratzeko agindua indarrean sartuko zen orduan, 23:00etan. Herrien itxiera etorriko zen bueltan. Urriaren 26an jakinarazi zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko zituztela.
PCR proba masiboa
Orixe institutuko DBH 1 eta 4 bitarteko ikasle zein irakasle guztiei PCR probak egingo zizkieten azaroaren 2an. 400 bat pertsona pasako ziren probak egitera.
Ostalaritza berriro kalteturik
Azaroaren 7tik aurrera ostalaritza ixteko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Asteburuan positibo kopurua, Osasun Sailaren arabera, 109koa izan zen. Azaroaren 21ean, manifestazio jendetsuak egin ziren tokiko ostalaritzaren alde, Villabonan eta Tolosan.
Baheketa, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen
Bi herrietako 13 eta 40 urte arteko biztanleei PCR probak egingo zitzaizkien azaroaren 13 eta 14an. Aurreko hamabost egunetan 100.000 biztanleko pilatutako intzidentzia tasa 1.540ekoa izan zen Villabonan eta 1.254koa Zizurkilen. Honela, herritarren parte hartzea %41ekoa izan zen eta 8 positibo utzi zituen baheketak.
Gorri kolorea atzean utzita
Abenduaren 1ean jakin zen Tolosako eta Villabonako osasun eremuak gorri koloretik laranjara pasa zirela, antzemandako PCR probetako positibo kopurua kontuan hartuta, 500etik beherako intzidentzia tasarekin.
Gabonei begira azken erabakiak
Eguberriak ate joka, mugikortasunari eta ostalaritzari lotutako neurriak malgutu dituzte Euskal Herrian. Abenduaren 12tik aurrera aurrera, baimenduta geratuko zen udalerrien arteko mugikortasuna, beti ere probintzia barruan, baina ospakizun egunetarako neurri bereziak ezarri dituzte.
Abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1, 5 eta 6an tabernak, jatetxeak nahiz dendak 18:00etarako ixteko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, Urtezahar gauean eta Urteberri egunean familia bilkurak 10 laguneko muga izatetik 6 laguneko muga izatera pasa dira.