Azken Muga jaialdiko aulki erraldoia suntsitu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 23a, 11:54

Zarateko lepoan ospatu ohi den Azken Muga jaialdiko antolatzaileek salatu dute Guillermo Olmo artistak egindako aulki erraldoia suntsitu dutela. "Bota egin dute eta konpondu ezin diren kalteak jasan ditu", esan dute Azken Muga Kultur Elkarteko kideek.

2016ean jarri zuten aulki erraldoia Zarateko lepoan eta Azken Muga Kultur Elkarteko kideek salatu dute suntsitu egin dutela. "Zortzi metro baino gehiago dituen obra horretan hainbat emanaldi egin dira burututako jaialdietan, eta aurretik, Nafarroa eta Gipuzkoa inguruko harrietako plazak bisitatu ditu, denboraren poderioz Azken Mugaren ikono eta irudi bihurtuz".

Elkarteko kideek esan dute ez dela jaialdiko erakusketetako artelanek erasoak jasan dituzten lehen aldia; "2017an Dora Salazarren Medusa obra ostu zuten eta iaz Art-Ola kolektiboaren Beste mundu bat posible da ia erabat suntsitu zuten". Bi obra horiek ere tamaina handikoak ziren. "Azken Muga Euskal Herriko naturan egiten den hainbat diziplinaren arteko jaialdi bakarra da, mota guztietako arte eszeniko eta plastikoek lekua dute bertan, Euskal Herriko artista eta taldeak bultzatzen ahaleginduz. Europan horrelako jaialdiak oso ohikoak dira azken hamarkadetan, eta hemen badirudi zaila dela baso batean dagoen eskultura bat errespetatzea". Aulki berri bat egin eta hurrengo Azken Muga jaialdian ikusgai egongo dela aurreratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!