Ikasleek kontsumo ohituren inguruan hausnartu dute

Ataria 2020ko abenduaren 22a

Kontsumo jasangarriaren inguruko tailerrak egin dituzte Tolosako Laskorain, Herrikide eta Samaniego ikastetxeetan, Ingurumen Zentroaren eskutik.

Tolosako Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetan jasangarritasuna landu du Tolosako Ingurumen Zentroak, azken egunetan. "Helburua da Gabonetan, ezagutza eta sentsibilizazioaren bidez, ikasleengan kontsumo ohituren inguruko hausnarketa sustatzea, ekonomia zirkularraren oinarriak ezagutaraziz", esan du Ingurumen Zentroak.

Horiek horrela, 5 urteko ikasleekin bakoitzaren ekintzek planetan, ingurumenean eta osasunean duten eragina landu dute Gabonak eta Kontsumoa ekimenaren bidez. Guztira 15 irakaslek eta 225 ikasle inguruk egin dute tailer ludiko-praktikoa, eta amaieran eskulan baten bidez apaingarri bat egin dute askotan zakarrontzietan bukatzen duten elementuak erabilita, "horrela, gauza berriak sortu daitezkeela konturatu dira". Ekimenak kontzientziazioa eskolatik haratago joan dadin, lanketak familia-ingurunearen inplikazioa ere bilatu duela esan du. 

Adierazi du era berean, bizitzen ari garen egoerak “agerian” utzi duela gure gizartean etorkizunean izango dugun “erronka handienetako bat gure natura-ondarea babestea eta hobetzea” izango dela. Horregatik aztertu dituzte naturak ematen dizkigun onurak 5 urteko ikasleekin: “Naturak gauza asko ematen dizkigu gizakiari eta horren trukean, gure ardura, bera ondo zaintzea eta errespetuz tratatzea da.”

Bestetik, Apaingarri Jasangarrien ekimenaren bidez, herriko ikastetxe guztiei eskola apaintzeko berrerabilitako materialez egindako apaingarriak erabiltzeko proposamena egin zaie. Herritar guztiei zabaldu nahi zaie keinu jasangarriak egiteko proposamena: apaingarriekin, opariekin eta otorduekin ere aukera jasangarriagoak hautatzeko deia egiten zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!