"Demokrazia" eskatuz eskualdeko herritar asko kalera atera dira

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abenduaren 19a

Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik deitutako mobilizazioarekin bat egin dute eskualdeko herri gehienetan, eta herritar ugari elkartu da elkarretaratzeetan edo manifestazioan. Aiztondo bailaran Zizurkildik Amasa-Villabonako plazara manifestazioa egin dute.

Euskal Herri guztian alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik mobilizazioak deituak zituzten gaur eguerdirako, Demokrazia lelopean hartuta. Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean erabaki zuen Bateragune auziko epaiketa berriro egitea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi eta gero, Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek ez zutela epaiketa justurik izan.
 
Bateragune auziko bost auzipetuak atzera epaitzea «derrigorrezkoa» da, Espainiako Auzitegi Gorenaren ustez, eta erabaki horren "kontra egiteko" eta "demokrazia aldarrikatzeko" kaleak hartu dituzte, gaur, eskualdeko herritarrek. ELA, LAB, Steilas, ESK, Ahal Dugu, Ezker Anitza, EH Bildu, Nafarroako Ezker Batua, EH Bai, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat izan dira mobilizazioaren deitzaileak.
 
Tolosaldeak bat egin du dei horrekin, eta demokraziaren alde Alegian, Altzon, Amezketan, Anoetan, Berastegin, Bidania-Goiatzen, Gaztelun, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan edota Orexan elkarretaratzeak egin dituzte. Aldiz, Aiztondo bailarako herriek manifestazioa antolatu dute. Zizurkilgo Joxe Arregi plazan elkartu dira herritarrak eta Amasa-Villabonako plazarainoko bidea egin dute kaleak zeharkatuz.
 
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!