Fabrikazio aurreratua, robotika, gauzen Interneta, sentsore txertaketa, inteligentzia artifiziala. Adiera ugari ditu lan egiteko moduak erabat aldatzen ari den 4.0 iraultzak. Gakoa zera da: teknologiaz lagunduta, aldaketak aplikatzea enpresan, aurrera egiteko aukera izateko. Edo beste modu batera esanda, atzean geratzeko arriskua murrizteko. Produkziorako teknika aurreratuen antolakuntzetan txertatu ondoren, teknologia hori bera da zein aldaketa egin adieraziko duena. Enpresek aldaketa horiek ulertu eta barneratu beharko dituzte, nola aplikatu erabaki aurretik. Tolosaldeko enpresa-sarean 4.0 teknologiak txertatzen laguntzeko Tolosaldea Garatzenek osatutako programaren bidez, eskualdeko 7 enpresek finantziazioa lortu ahal izan dute, teknologia hori txertatu eta beren proiektuak sortzeko.
Eusko Jaurlaritzak, RIS3an ezarritako estrategiekin lerrokatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteotan jada martxan dituen ekimenekin bat etorriz aurrera eramandako programa izan da.
Bidegain
Tolosa
Balbulentzako osagarriak
Serie motzetako balbulak mekanizatzen ditu, prozesu guztiaz arduratuz: materialaren eskaeratik hasi, eta bezeroari bideratzera arte. Bezeroen behar eta eskaeren ondorioz, lan egiteko modua aldatzen ari da, eta egokitzeko mantenu plan digital bat diseinatu du. Helburu nagusia enpresaren berrantolaketa integrala izan arren, epe motzagora begirako proiektua sortu du: tailerreko berariazko mantentze plana prestatu du jarraibide digitaletan oinarrituta, eta planoen eta produkzioaren programazioaren dokumentazioa digitalizatu du.
Cadinox
Belauntza
Galdaragintza
Proiektu konplexuentzako galdaragintza eta mekanizazioa egiten ditu. Enpresaren kudeaketarako sistema osagarri bat sortu dute, Lean Manufacturing eta Adimen Lehiakorra uztartzen dituen tresna batetik abiatuta, prozesuan sortzen diren botila-lepoak ezabatu edo murriztu eta antolaketa hobea lortzeko. Lehentasunen araberako planifikazioa egin, datuak jaso eta kudeatzeko aukera ematen du. Merkatuko unean uneko eta etorkizuneko egoeren datuak alderatu daitezkeenez, erabakiak hartzea errazten du, eta informazioa unean bertan transmititzen da enpresa osora, prozesua optimizatzeko.
Irupaper
Ibarra
Papergintza
Kartoi eta paper mozketa egiten du, produktu berezien manipulaziorako ahalmena izanik. Eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, frenatze sistema alternatibo baten diseinuan, txertaketan eta balidazioan oinarritutako proiektu bat garatu dute. Frenatze sistema horrek, sentsoreen bidez, frenoen abiadura kontrolatu eta hortik datuak jasotzeko aukera ematen du. Horrela, paper edo kartoi mota ezberdinek behar duten mozketa abiadura optimizatzea lortzen da.
Tarte
Anoeta
Berokuntza eta klimatizazioa
Berotze- eta klimatizazio-sistema sistema ezberdinen inplantazioa eta mantenua egiten ditu Tartek, bezeroen aurrezpen energetiko eta ekonomikoa ziurtatzeko helburuarekin. Azken urteotan merkatuak izandako bilakaera ikusita, enpresak barne kudeaketaren sistema berri baten beharra identifikatu du, digitalizazio prozesu bat hasiz. Datuen erabilera optimizatu baten ikuspegitik bideratu dute proiektu hori, sistema integratu batek trazabilitatean eta baliabideen optimizazioan abantailak ekartzeko.
Rail Line
Tolosa
Piezen hornidura
CAF taldearen barruko enpresa hau trengintzako ordezko piezen eta ekipamenduaren hornikuntzaz arduratzen da.
Irtenbide alternatiboak bilatu asmoz, injenieritza lanak eta obsoleszentzia ikerketak ere egiten ditu. Fabrikazio eta hornidurari dagokionez bide berriak arakatzeko erabakia hartu dute, fundiziorako moldeak egiteko moduak eta materiak erabiliz, fabrikazio gehigarrian oinarrituta. Proiektuaren lehenengo fasean, modelo alternatibo hauen diseinu eta balidazioa egin da.
Omicron
Asteasu
Mekanizazioa
Smart factory edo lantegi adimenduna izateko lehen urratsak eman ditu Ariznabarreta Omicrón enpresak. Monitorizazio sistema integral bat txertatu du, makina bakoitzeko datuak ikusi eta gordetzeaz gain, makina guztien bisio orokor bat izateko. Business Intelligence prozesuarekin lotutako aldaketa da, datu eta informazio horrek guztiak enpresaren kudeaketan eta erabakiak hartzerakoan erraztasuna emango baitio. Horiek horrela, enpresa lehiakorrago bihurtu eta produkzio hobea izateko baliagarria izango zaio.
L & L Rotary Solutions
Tolosa
Mozketa sistemak
Mozketa rotatiboko tresneriaren diseinuan, fabrikazioan eta mantenuan egiten du lan, bere merkatuaren zati handi bat nazioartera hedatuz. Produkzioan akatsak murriztu eta, ondorioz, proiektu bakoitza ahalik eta optimizatuen izateko asmoz parte hartu du proiektuan. Horrez gain, automatizazio eta trazabilitate aldetik ere eraginkorragoa izatea ahalbidetu dio. Proiektu ezberdinetan sortzen den informazio fluxua momentuan bertan eta modu seguruan enpresa taldeko beste zentroekin partekatzeko aukera ematen dio txertatu duen sistemak.
Datorren urtean proiektu gehiago sortzeko aukera izango da. Zure enpresan antzerako proiektu bat martxan jarri nahi?
688 713 509