Bigarren finalaren bila

Imanol Garcia Landa 2020ko abe. 17a, 16:54
Erik Jaka eta Jokin Altuna, Buruz Buruko Txapelketaren finalean.

Finalerdiak jokatuko dituzte asteburuan Jakak eta Altunak Lau eta Erdikoan, buruz buruko finala errepikatzeko gogoz.

Buruz Buruko Txapelketaren finala historikoa izan bazen Tolosaldearentzat, asteburu honetan gertatzen denaren arabera, beste une berezi bat bizi ahalko da berriro. Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dira, eta Erik Jakak eta Jokin Altunak berriro ere final batean elkarren aurka aritzeko aukera dute. Altuna III.a izango da lehenengoa jokatzen: larunbatean izango da, Bengoetxea VI.aren aurka, Bizkaia frontoian, 17:45ean hasiko den jaialdiko bigarren partidan. Jakak igandean jokatuko du, Ezkurdiaren aurka, Astelena frontoian, 17:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan.

Final-laurdenetan, Elezkanoren aurka irabazi ondoren, partida bukatu eta berehala «oso gustura» geratu zen Altuna: «Hasieran lotuta edo motel samar ikusi nuen neure burua mugimenduei dagokionez, baina ez diot berari meriturik kendu nahi, ikaragarri jokatu zuelako. Gero, bigarren zatian, nik gehiago asmatu nuen eta oso kontzentratuta jokatu nuen». Bere aldetik, Jakak tanto batengatik irabazi zuen Peio Etxeberriaren aurka: «Kosta egin zitzaidan lekua hartzea eta egin beharreko jokoa egitea. Berak, nahiz eta partida handia egin, aukerak eman zizkidan eta horiek aprobetxatzen jakin nuen, eta justu-justu bada ere, 22ra iritsi nintzen eta oso pozik».

Altunak bere bosgarren finalerdia jokatuko du segidan kaiolan, eta aurreko lauetan finalera iritsi zen: «Asko baloratzen dut hori lortzea, baina ez diot lehen egindakoari asko begiratzen. Horrek ez dit ezertarako balio, hobetzen segitu nahi dut, oraindik badut horretarako tartea-eta». Jaka iaz finalerdietara iritsi zen, binakakoan ere horrela iritsi da eta buruz buruko txapelduna da. «Orokorrean hartuta, nire gorakada nabarmena izan da azken urtean emaitzei dagokionez», esan du lizartzarrak. «Orain gehiagoren bila joatea tokatzen da».

Bengoetxea VI.a eskarmentu handia duen pilotaria dela esan du Altunak: «Beti gauzak ondo egin behar dira berari irabazteko, asko kostatzen baita. Saiatu beharko dut aurrekoan baino hasiera hobeagoa ematen partidari. Bengoetxeak abantaila hartzen badu, gero oso zaila da partidari buelta ematea».

Ezkurdiaren aurka iazko txapelketan jokatu zuen Jakak finalerdietan eta orduan estu hartu zuen. Orain berriro izango du aurrean: «Artolaren aurka sendo aritu zen aurrekoan, eta uste dut sendotasuna bere ezaugarri nagusienetako bat bilakatu dela. Ia beti bere maila ondo ematen du, gauzak ondo egiten ditu, eta berari irabazi nahi badiozu gauzak oso ondo egin behar dituzu».

Eskualdeko bi pilotarien arteko beste final bat ikustea «oso polita» izango zela dio Altunak: «Baina zaila da, biok irabazi egin behar dugulako. Finalera iristea da nire helburua, pentsatu gabe zein izango den aurkaria. Nik irabazten badut, dudarik ez izan Erik ere finalera pasatzea nahi dudala». Jakak azaldu duenez, «biak berriro finalean izatea berri pozgarria izango litzateke biontzako. Nahiz eta finalean ez sartu, biok egiten ari garen urtea ona da, eta ematen ari garen maila oso ona da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!