Tolosaldea Garatzen, proiektu estrategikoak

45 urtetik gorakoak laneratzea helburu

Ataria 2020ko abe. 19a, 09:59

Eskualdean langabetu gehien dagoen adin tartea da 45 urtetik gorakoena; multzo horretako 20 langabeturekin enplegu aktibazioa sustatu du Lortzen programak.

Tolosaldea Garatzenen Enplegu Saila Lanbideko Zentro kolaboratzaile da, baita kolokazio eta birkolokazio agentzia ere. Profilen araberako programa zehatzak lantzen ditu, lan bila edo lan egoera aldatu nahi dutenekin urte osoan zehar: gazteak, emakumeak, etorkinak… Aurten, 45 urtetik gorakoen multzoan jarri dute fokua, lan-aukerak sustatzeko asmoz.

20 langabetu

Gure datu baseko 45 urtetik gorako pertsona guztiei deitzea izan zen lehen urratsa, beren egoera eta beharrei buruz galdetzeko. Interesa agertu zutenekin elkarrizketa bat egin zen gero, programan parte hartzeko egokiak ote ziren aztertzeko. 30 izan ziren elkarrizketatuak, eta horietatik 20k hartu dute parte enpleguaren aktibazioa sustatzeko Lortzen proiektuan.

Laneratzea xede, %50

Hogei laguneko espazio kolektibo eta indibidual bat sortu da, orientazioa, prestakuntza teknikoa eta akonpainamendua lantzeko laneratze prozesuan. Saio hauen helburu nagusia, 20 pertsonako taldearen gutxienez erdiaren laneraraztea da.

Prestakuntza

Prestakuntza teknikoa indartze aldera, gainazalen garbiketa industrial orokorrean trebatzeko ikastaro teoriko-praktikoa jarri zen martxan gero, aukerak sortzeko lan-mota egokia izan daitekeela ondorioztatu ondoren. Orotara 100 orduko ikastaroa izan da.

Profila

Egoera ezberdinean zeuden langabetuek osatu dute taldea, horietako batzuk zaurgarritasun egoeran daudenak: osasun handiko pertsonak topatu ditugu, luzaroan lan egin gabe egon edota aitortutako ezintasunen bat dutenak. Zentzu horretan, lana lortzeko laguntza nahi eta behar dutela azpimarratu dute.

Konpetentziak

Baliabide eta gaitasun pertsonalak garatzea funtsezkoa da lan-merkatuan aukera gehiago izateko: aldaketetara egokitzen, gatazkak konpontzen, presiopean lan egiten, emozioak kudeatzen eta taldeak koordinatzen jakitea ere bilatzen dute enpresek. Ikasketa arautuan kontuan hartzen ez diren konpetentziak dira, baina bai erabakigarriak. Horregatik, langabe bakoitzaren konpetentzia pertsonal eta profesionalak identifikatzen laguntzen da lehenik. 

Orientazioa

Beldurra, lotsa, erruduntasuna, ezintasuna… asko dira langabezian egotean sor daitezkeen sentimenduak. Asko amankomunak direnez, konfiantza lantzeko taldekako orientazioa eman da. Banaka jorratu dira bestelako gaitasunak: sormena, ardura, moldagarritasuna, enpatia, talde-lana, eraginkortasuna, komunikazioa, autoezagutza, autokontrola edo iniziatiba.

 

Lana aurkitzen laguntzen dugu

Enplegu Saila

Tolosaldea Garatzen / Lehiberri Zentroa

Telefono zenbakia: 943 65 45 01

Mugikorra: 617 854 684

Emaila: lan@tolosaldea.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!