Beñat Beobide asteasuarrak irabazi du Aurresku txapelketa nagusia

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 13a, 11:48

Goiz Deia txistulari bandako kideen doinuez lagunduta, Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete epaileek hartu dituzte gaurko txapelketako erabaki guztiak.

Beñat Beobide asteasuarrak irabazi du gaur Legazpiko Latxartegi aretoan jokatu den Gazte Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia, 2005ean eta 2006an jaiotakoen D kategorian. Goiz Deia txistulari bandako kideen doinuez lagunduta Ehun dukat, Aurkez aurke eta Agurra dantzatzen Gipuzkoako 14 gazte ikusi ostean, Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete epaileek hartu dituzte erabakiak. Beobiderekin batera, Gorka Duran eta Maitane Irurzun haren irakasleek ere jaso dute saria.

D kategoriako irabazleak buruzagi makila eta garaikurra jaso ditu, eta hurrengo bost sailkatuek, garaikurra: Oiartzungo Beñat Etxebeste izan da bigarrena, Elgoibarko Markel Goneaga hirugarrena, Elgoibarko Eneko Etxaniz laugarrena, Lezoko Olatz Azkue bosgarrena eta Amasa-Villabonako Maren Goya seigarrena.

Isabel Aztiria eta Maria Luisa Mendizabal epaileen erabakiaren arabera, jantzi egokienaren saria Maren Goyarena izan da. Beste sari bat gehiago ere banatu da gaurko saioaren amaieran, txapelketa honetako D kategoriako ligaren irabazlearena, eta Mattin Etxebestek jaso du. Sariak Legazpiko kultur zinegotzia den Iñigo Imazek eta Sustraiak dantza taldeko Amaia Perezek banatu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!