Erik Jaka: “Ez dut behin ere partida galdutzat eman”

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 12a, 10:59
Argazkia: EITB

Lizartzarrak 22-21 irabazi dio Peio Etxeberriari Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetan. Urretabizkaia II.ak bere partida galdu du Elordiren aurka promozio mailako txapelketan.

Deseroso aritu zen Erik Jaka atzo gauean Bilbon jokatutako partidan. Etxeberriak ondo jokatu zuen eta bere esku izan zuen garaipena, baina azken jokaldian ez zuen asmatu eta dejada txapara joan zitzaion. Jakak partidaren bukaeran ETBn adierazi zuenez, “orokorrean ez zait iruditu partida ona izan denik. Erritmo aldetik agian bai, baina askotan esaten dena, erritmo horrek ekartzen dituen zehaztugabetasun asko izan dira partidan nire ustez”. Etxeberriak berak baino partida hobea jokatu zuela gaineratu zuen: “Erritmo gehiago sartu du, ni baino sartuago zegoen partidan, erosoago ikusten duen ni baino, baina lanean jarraitu dut, ez dut behin ere partida galdutzat eman, eta lana eginez gero beti izaten da irabazteko aukera gehiago”.

Lizartzarrak partida defentsagatik irabazi zuela azaldu zuen: “Gutxietsi izan da defentsan egiten dudan lana, baina partida irabazi badut hein handi batean horregatik izan da. Nik baino hobeto sartzen zuen pilota eskuan, abiadura gehiago ematen zion, eta angeluak nik baino hobeto bilatzen zituen. Ni oraindik buruz buruko posturekin sentitu naiz gehiago. Pilota behetik gora ateratzen erosoago sentitzen nintzen, azpitik jotzen baino, eta lau eta erdian eta Peio bezalako aurkari baten aurka, behetik gora ponpatzen baduzu, bolearekin eta gantxoarekin min handia egiten dizu eta gaur [atzo] ere horrela izan da”.

Egungo buru buruko txapelduna da, baina faborito izatearen presiorik ez zuela sentitu esan zuen Jakak: “Irabazteko nahia pilotari guztiok izaten dugu, eta hemen denok demostratu behar izaten dugu egunero-egunero, hor goran postu bat izan nahi badugu. Nik bizi izan dut hori, denbora luzez gainera, egunero-egunero demostratu behar hori, eta nik uste dut pilotari askok dutela egoera hori bera. Lehen ere irabazi nahi eta behar hori sentitzen nuen eta orain ez daukat alde horretatik sentsazio ezberdinik”.

Aurreko urtean lau onenetan sartu zen lizartzarra eta aurtengoan hori ere behintzat lortu du, finalerdietarako sailkatu baita. Ezkurdiak eta Artolak bihar jokatuko duten partidatik aterako da bere aurkaria finalaurrekoetarako. “Garrantzitsuena hor egotea da”, esan zuen. “Aurten binakakoan finalerdietan sartu naiz, buruz buru txapeldun naiz, eta lau eta erdian sartu naiz lau onenen artean. Nik uste dut horrek zerbait esan nahi duela. Nik asko baloratzen dut lortzen ari naizena eta jokatzen ari naizena, eta pilotaren munduan dagoen jende guztiak baloratzen duen gauza dela uste dut”. Urte berean buruz burukoa eta lau eta erdiko txapela janztea ez dela batere erreza esan zuen: “Beti esan izan da, eta txapeldun handiek esan dute, txapela bat lortzea izugarri zaila dela, eta bi lortzea ba imajinatu. Ni oso harro nago egiten ari naizenarekin, ikasten ari eta jokatzen ari naizenarekin, eta garbi dudana da lanean jarraituko dudala berriz ere ikasten segitzeko eta ahalik eta urrutien iristeko txapelketa guztietan”.

Urretabizkaiak ezin izan zion aurre egin Elordiri

Bilboko jaialdiko aurreneko partidan jokatu zuen Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrak bere partida Elordiren aurka. 0-3 aurreratu zen partidaren hasieran, baina Elordik berehala eman zion buelta norgehiagokari bost tantoko bi partzialekin. 10-7 gerturatu zen Ikaztegietako atzelaria, baina mallabitarrak berriz ere tartea zabaldu eta partida bideratuta utzi zuen. Azkenean, 22-8 irabazita, Elordi promozio mailako finalerdietan izango da datorren asteburuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!