Jostailu bilketa egingo dute larunbatean Errebote plazan

Ataria 2020ko abenduaren 11

Abenduaren 12an 10:00etatik 13:00etara Errebote plazan Zubimusu ikastolak gunea jarriko du jostailuak bertan utzi ahal izateko.

Zubimusu ikastolak bat egin du Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak antolatu duen jostailu bilketarekin eta Zizurkilgo Udalak egingo duen jostailu trukearekin. Aste honetan zehar ikastolan bildu dituzte jostailuak, baina abenduaren 12an 10:00etatik 13:00etara Errebote plazan Zubimusuk jarriko duen gunean ere utzi ahalko dira.

Jasotzen diren jostailu guztiak Amasa-Villabonako Elkartasun Sareari eta Zizurkilgo Udalari emango zaizkio. Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak egoera zaurgarrian dauden familien artean banatuko ditu jasotako jostailuak, eta Zizurkilgo Udalak jostailu truke azokan utziko ditu. Trukean hartzen ez diren jostailuak Zizurkilgo udalak gordeko ditu (kasu honetan ez da trukerik egongo, Zubimusuk dohaintzan emango baitu jostailu guztiak).

Herritik herriarentzat

Zubimusu ikastolak bat egin du Amasa-Villabonan eta Zizurkilen herritarrei begira antolatzen diren egitasmoetan. "Are gehiago aurtengoa bezalako urte zailean", esan dute ikastolako ordezkariek. "Elkarri laguntzea, kontsumo arduratsua bultzatzea, dohaintza, birziklapena eta lankidetza lehen pertsonan bizitzeko aukera izango dute beste behin Zubimusuko ikasleek zein komunitate osoak egitasmo honekin!.

Horregatik, komunitate osoari dei egiten diete etxeko armairuan azken denboraldian erabili gabe dauden jostailuak jaso eta larunbatean Errebote plazara eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!