Kale Kantoitik

Aingeru zantzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko abe. 10a, 09:46

Ume bakoitzak bere aingeru goardakoa omen genuela erakutsi ziguten txikitan. Baina aingeru zaintzailerik ba al da, ba? Hemen lurrean bai behintzat, nik ikusi ditut eta.

COVID-19a pasatu dut, ahal nuenero mendian eta basoan harengandik ihesi ibili ondoren. Uda eta udazkena Urbasan, Etxarri Aranazko haritz milurtekoen basoan, Lizarragako tuneletik ezkerretara San Donato alderantz dagoen goilautada amaiezinean, Aldabako basoetan eta bideetan, Larraitzen, Langaurren. Non ez? Baina “zomorrotxo malapartatuak” zirrikituetan gordetzen ere badaki nonbait eta halaxe harrapatu nau. Pixeko infekzio itxura hartu zuen eta sukar txikia 37,2º - 37,4º eta batzuetan gutxiago. Alegiko Osasun Zentrora deitu eta bertako sendagileak antibiotikoak eman zizkidan infekzioa jaisteko. Baita mina eta infekzio hura laster asko jaitsi ere. Baina  sukar txikia (febrikula) ez. COVID-19aren susmoa Alegiko Osasun Zentroan. Erradiografia atera Tolosako anbulategian eta itxuraz garbi, auskultatu eta baita ere. Baina, Alegiko Osasun Zentroko sendagilea nire jarraipena egiten ari zen isilean (aingeru zaintzailea). Telefonoz deitu eta egun batzuk geroago 37,2ºko sukar txikiak jarraitzen zuela ikusita, susmo txarrak hartu zituen. Beste radiografia bat Tolosako anbulategian eta han biriketan zerbait ikusten zela, oso gutxi, baina zerbait bai. Ostiral eguerdia zen, asteburua zetorren eta nire birikak guztiz garbi ez nonbait. “Iñaki, Asunción klinikara bidali behar zaitut analisi gehiago egitera eta zure egoerari jarraipen kliniko gertuagoko bat egitera.” Arima erori zitzaidan lurrera, baina benetan eskertzen diot aingeru zaintzaile honi nire nahigabe keinuari kasurik egin ez eta klinikara bidali izana. Huraxe baitzen une hartan bide bakarra ni behar bezala artatzeko eta gaitzaren atzaparretatik askatzeko.


Asunción klinikan gela batera eraman eta berehala hasi ziren tratamenduekin: dexametasona (kortikoidea), antibiotikoak, inhalazioak, oxigenoa neurtu... eta batez ere pazientzia eta maitasun handiarekin zaindu eta artatu. Sendagileak, erizainak, garbitzaileak, pertsonal sanitario guztia, zerbitzu mota guztiak eskaintzen zituzten pertsonak primerako “aingeru zaintzaileak” izan dira. Baina ez hemen bakarrik, Alegiko Osasun Zentroan, PCR froga egin zidatenean, Tolosako Anbulategian eta Asunción klinikan arretaz, arduraz eta maitasunez tratatua sentitu naiz. Pentsatu behar dugu pertsona hauen lana oso nekosoa dela, batzuetan “martziano”en jantzi eta kaskoekin dabiltzala dirudi, baina azpian pertsona bat ikusten duzu arretaz “kaixo, zer moduz zaude, Iñaki?” goxo-goxo galdetzen edota “ondo  lo egin al duzu?”. Norbait nekatuxeago ikusiko duzu, baina hura ere arretaz, zuri bere nekea edo ezina azaldu gabe. Eta hori nik behintzat eskertu egiten dut, benetan eta bihotzez eskertu. Janaria ere oso egokia izan da klinikan egon naizen hiru egunetan. Bai, hiru egun bakarrik egin nituen Asunción-en, ostiral eguerdian sartu eta astelehen eguerdian atera, birikak garbi, bertan erradiografia bat egin zidaten goizean eta birikak auskultau, eta dena garbi, sendatuta. Nik hartu nuen poza.


Eta oraindik galdetuko didazue aingeru zaintzailerik badagoen? Nire inguruan ibili ziren Osasun Arloko horiek denak zer ziren ba? Aingeru zaintzaile peto-petoak, isilak, umilak, jatorrak. Eta nik pentsatzen nuen: ez dakit zer moduz bizi diren pertsona hauek, baina bizitza duin bat, soldata duin bat, lan egutegi duin bat merezi dute ba hauek denek, beren familiekin zoriontsu izan daitezen. Horixe opa dizuet bihotz-bihotzez nire zaintzaile izan zareten guztioi. Maite zaituztet denok. Hara, sentimental jarri naiz.

Eta norbaitek, agian, galdetuko dit: “Ezer txarrik ez al huan ikusi?” Ni paradisuan egon nintzenez aingeru zaintzaileen artean, ez nuen ezer txarrik ikusi. Eta orain kategorian nago, sendatuta eta alta emanda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!