Artolak lortu du garaipena, Peña II.aren aurkako kanporaketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 6a, 11:59

22-15 irabazi zion alegiarrak tolosarrari, atzo, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatutako Lau Eta Erdiko Txapelketako final-zortzirenetako partidan. Hurrengo kanporaketan, Ezkurdiaren aurka jokatuko du Artolak.

Buruz buruko txapelketatik kanpo geratu ondoren, lehiaketara itzultzen zen egunean, bere bertsio onena kantxaratzeko asmoz atera zen, atzo, Iñaki Artola pilotari alegiarra. Lau eta erdiko txapelketako final-zortzirenetako kanporaketako partida jokatu zuen, Azkoitiako Gurea pilotalekuan, Jon Ander Peña tolosarraren aurka. Hasi eta buka borrokatu behar izan zuen garaipena, baina esperientziari eta sakeari zukua aterata lortu zuen alegiarrak final-laurdenetarako txartela. 22 eta 15ekoa izan zen azken emaitza.

Gogotsu hasi zuen partida azken hiru urteetan Promozio Mailako Txapelketan finalista izandakoak. Hala ere, lehen zatian, bietako inork ez zuen markagailuan alde nabarmenik ateratzea lortu; bost berdinketa izan ziren (1-1, 3-3, 4-4, 7-7 eta 10-10). Asmatzen ari ziren, baina baita huts egiten ere. Peña II.a zen, aurreikuspenen arabera behintzat, gehiago arriskatu behar zuena, eta hala egin zuen. Ez zuen arrakasta handirik izan (bi pilota jo zituen txapan eta motz eta luzea atera zituen sake bana), baina ausardia horrek, bizirik irauteko balio izan zion.

Bigarren zatian, ordea, esperientziaren ordua heldu zen. Partida amaieran ere, Artolak berak adierazi zuen segurtasunez jokatzea izan zela partidako giltzarrietako bat. 18 eta 12 aurreratu zen alegiarra, 4 eta 0eko partzial bati esker, eta bazirudien partida haustear zela. Eta hala izan zen, abantaila mantentzen jarraitu zuelako: 20-14. Peña II.ak ez zuen lortu markagailua orekatzea, aukera handirik ere ez zuelako izan. Irmoki jokatu zuen Artolak amaieran, pilota gutxi galduz eta batere barkatu gabe. Azkenean, 22 eta 15, alegiarra garaile.

Partida irabazi ondoren, "esperientziak irabazi" zuela adierazi zuen Artolak. "Partida ona jokatu gabe ere, ezinbestekoa zen sakean edota errestoan ahalik eta akats gutxien egitea. Hor egon da gakoa. Izan ere, zenbait tantotan, ezinean aritu naiz". Sakearen garrantziari buruz ere mintzatu zen alegiarra. "Azken aldian gustura ari naiz sakearekin, eta argi nuen gaur min egiteko aukera bat zela. Jon Anderrek, gainera, bi saketan huts eginda, konfidantza pixka bat galdu duela iruditzen zait".

 Joseba Ezkurdia, azken bi urteetako txapelduna, izango du aurkari final-laurdenetan. "Oso partida gogorra izango da. Iaz ere jokatu nuen bere aurka. Erronka polita. Presio handirik gabe, denbora luzez geldirik egon ondoren. Aste oso bat dut errekuperatzeko, eta datorren asterako hobeto egon naitekeela uste dut. Une honetan, egun bakoitza urrea da niretzat".

Atzokoak izan ziren Lau Eta Erdiko Txapelketako lehen kanporaketako partidak. Hortaz, atzo ere estreinaldi bat izan zen frontoian. Lehen aldiz, botilleroak izan zituzten aholkulari pilotariek. Bere laguntzaileari buruz galdetuta, Urretabizkaia "oso ondo" aritu zela aitortu zuen Artolak. "Ohituta dago lan horietara. Alegiako pilota eskolako arduradunetako bat da, eta nabaritzen zaio hori. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, entrenamendu asko partekatu ditugulako, eta uste dut gaur nabaritu dela hori. Asko eskertzen dut bere lana".

Estatistikak:

  • Egindako tantoak: Artolak, 11 (sakez, 5); Peña II.ak, 10 (sakez, 1).
  • Galdutako tantoak: Artolak, 5 (sakez, 1); Peña II.ak, 11 (sakez, 2).
  • Pilotakadak: Artolak, 100; Peña II.ak, 94.
  • Iraupena: 43 minutu.
  • Botileroak: Urretabizkaia II.a Artolarekin; Aranguren Peña II.arekin.

Elezkano II.a, Altuna III.aren aurkaria

Azkoitian jokatutako bigarren partidan, Danel Elezkanok lortu zuen garaipena, Iraitz Zubizarretari 22 eta 13 irabazi ondoren. Parekatua izan zen partidaren lehen erdia; bigarrenean, ordea, jaun eta jabe izan zen bizkaitarra. Orain, Jokin Altuna izango du aurkari final-laurdenetan. "Lagun handiak gara kantxatik kanpo eta partida berezia izango da. Badakit Jokin goian ibiliko dela urte luzez, eta beraz, aurkari gogorra izango da, modalitate honetan txapeldun izandakoa ere bada. Ni, hala ere, nire jokoaren bitartez, irabaztera aterako naiz", adierazi zuen, atzo, Elezkanok.

Hain justu, gaur arratsaldean, Eibarko Astelena pilotalekuan ariko da Jokin Altuna; berriro ere, Erik Jakaren aurka; lizartzarrak buruz buruko txapeldun modura jokatuko duen lehen partida izango da. Binaka ariko dira; Imaz izango da Jakaren atzelaria; Altunarekin, berriz, Arangurenek jokatuko du.

Jaialdiko bigarren eta hirugarren partidetan, Lau eta Erdiko final-zortzirenetako beste bi partidak jokatuko dituzte: Bengoetxea VI.a-Irribarria, eta Arteaga II.a-Peio Etxeberria. Azken neurketa honetako garailea Erik Jakaren aurka ariko da hurrengo kanporaketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!