Pentsio duinak eta bidezkoak eskatu dituzte, beste behin

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 5a, 14:40

Pentsio publiko, enplegu eta soldata duinen defentsan mobilizazioak egiten jarraituko dutela esan du eskualdeko Pentsiodunen Mugimenduak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herrietan kalera atera dira pentsiodunak eguerdian, pentsio publikoak eta duinak eskatzera. Eskualdean, Tolosan eta Amasa-Villabonan egin dituzte manifestazioak, 12:00etan biak. Tolosaren kasuan, manifestazioa hasi eta buka Plaza Zaharrean egin dute eta adierazpenak egin aurretik, Amaia Agirre bertsolariak bertso bat eskaini die pentsiodunei animo mezuak bidaliz.

Eskualdeko Pentsiodunen Mugimenduak esan du Toledoko Itunaren gomendioak berresteko Madrilgo Kongresuan hartutako erabakia gaitzesteko bildu direla eta baita ERC, EH Bildu, BNG, Compromis edota Mas Pais-Equo bezalako alderdien boto partikularrak baztertu izana arbuiatzeko ere. Gaineratu dute Toledoko Itunarengomendioek agerian utzi dutela orain arte esaten aritu zaizkiena gezurra zela: "Gizarte Segurantza publikoa ez zela bideragarria eta pentsioak KPIaren arabera igotzea ezinezkoa zela esan izan digute; diskurtso hori era maltzurrean puztu dute botere ekonomiko handiek, eta aldi berean, pentsio indibidual edo kolektiboen funts pribatuak bultzatzea proposatu dute".

Gomendio horien artean hainbat faktore falta direla esan dute, ordea: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa; 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko neurriak, edo alargunen pentsioaren oinarri arautzailea %100eraino igotzea, diru sarrera iturri bakar gisa".

Egoeraren aurrean, eta hiru urtez mobilizazioak egiten egon ondoren, pentsiodunak ez daude prest besoak gurutzatuta geratzeko, eta elkarretaratzeak, manifestazioak eta protestak egiten jarraituko dutela esan dute, "pentsio publiko, enplegu eta soldata duinen defentsan, ahal dugun lankidetza eta babes sozial zabalena bilatuz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!